Argi luzeak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko uzt. 3a, 00:00

Iazko abenduaren 13an izan zuten bileran, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak liburu bat oparitu zion Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari; Cataluña-España, ¿Del conflicto al diálogo político? (Katalunia-Espainia, gatazkatik elkarrizketa politikora?). Kataluniako prozesu subiranistari buruzko gogoeta ugari daude bilduta, 2017ko urriaren 1eko erreferendumetik aurrera idatzitakoak, eta horien artean dago Albert Nogueraren bat. Nogueraren tesia zera da: estatu independente bat sortzeko, beharrezkoa dela botere politikoko ekintza bat —«iraultza bat, hauteskundeetako garaipen bat, erreferendum bat»— eta estatu berria eratzeko ekintza juridiko bat —konstituzio bat, nazioarteko eragileek onartutako independentzia deklarazio bat—. Nogueraren iritziz, Kataluniako prozesu subiranistak erakutsi du herrialde hori gai dela momentu politiko fundatzaile bat sortzeko, baina ez hori ekintza juridiko bilakatzeko.

Bereizketa interesgarria da Euskal Herriko testuinguru politikoari begiratzeko, eztabaida beste parametro batzuetan ematen bada ere. Ipar Euskal Herrian autogobernuari buruzko eztabaida Euskal Elkargoaren eskumenetan zentratuta egonda eta Nafarroan Foru Hobekuntzaren berrikusketa oraindik mahai gainean jartzeko dagoelarik, euskal estatu baten sorrerari bide emango liokeen erreferendum baten aldeko aldarrikapena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen ari da nagusiki.

Azken hamarkadako bilakaera argigarria da Nogueraren eskema ulertzeko; erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika gai izan da une jakin batzuetan Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borondate politiko bat adierazteko: 2014ko maiatzaren 29an Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko adierazpen bat onartuta, eta 2017ko uztailean estatus berriaren oinarri eta printzipioak ezarrita; lehena, Gure Esku Dago-k 150.000 bat herritarrez osatutako giza katea egin baino egun batzuk lehenago, eta bigarrena, dinamika berak 175.000 lagun inguruko giza katea egin eta aste gutxira. Baita lehenago ere: 1990eko otsailean Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko adierazpen bat eginda, 2004ko abenduan Espainiarekiko «elkartasun askeko araubidea» jasotzen zuen estatutu proiektua onartuta eta, 2008ko urrian, estatus politikoari buruzko kontsultak egiteari bide ematen zion Kontsulta Legea onartuta.

Noski, horiek ez dira ekintza politiko fundatzaileak izan, baina guztiek erakusten dute euskal gizartearen nahi baten unean uneko kristalizazio bat. Gogo hori berresten duten datuak badira: erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politikoen babesa handitu egin da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, eta, aste honetako bertako datuei heltzeko, Naziometroaren laugarren neurketak aurrekoen joera berretsi du: hiru herritarretik bi daudela erabakitzeko eskubidearen alde, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hamarretik ia zazpi direla aldekoak.

Eta, hala ere, euskal subiranismoak —ezta katalanak ere— ezin izan du borondate politiko hori ekintza juridiko batean gauzatu; Eusko Legebiltzarrari dagokionez, euskal estatuaz galdetzeko modua emango duen estatus politiko berri bat onartzeko. ETAren jarduera armatua amaitu osteko ziklo politikoan, 11 urte geroago, hori da oraindik ere euskal subiranismoaren erronka.

Bide horretan, ezinbestekoa da abagunea aintzat hartzea. 2014an, konfrontazio armatuaren zikloa gaindituta, Kataluniako eta Eskoziako galdeketa independentisten abaroan, 2012ko hauteskundeek sortutako indar korrelazioarekin eta PPren gobernuaren austeritate politikak eta eskubide murrizketak kontuan hartuta, euskal subiranismoak ulertu zuen garai egokia zela bestelako estatus baten alde ekiteko. 2017an, legebiltzarrean estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik zela eta Kataluniako erreferendumak sor zezakeen joko zelaia ikuskizun, azken urteetako mobilizazio jendetsuenetako bat egin zuen Gure Esku Dago-k. Sidney Tarrowren irakasgaiak ekarrita: aukera politikoen aldaketa nola, herritarren parte hartze kolektiboa hala.

Testuingurua bestelakoa da orain. Estatus politikoaren eztabaida kale itsuan sartuta, legealdi honetan bazter utzita, Jaurlaritzak berak gobernu programan gaiari buruzko erreferentziak ezabatuta eta Katalunian ere irtenbide argirik ezin sumatuta, herri mugimenduarentzat nekeza da 2010eko hamarkadako mobilizazio gaitasunari eustea. Are gehiago aktore politiko eta instituzionalen aldetik ez bada agendarik edo ortzi mugarik irudikatzen. Basamortua eskaintza desmobilizatzailea da. Eta, hala ere, gizarte mugimenduak bere praktika egokitu du, mobilizazio eredu berritzaileak sortzeko, [nazioarteko] aliantza berrietan sakontzeko, agenda publikoan eragiten saiatzeko. Ez alferrik, abagunea baliatu beharrean, «baldintzak sortzeko» asmoa azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak BERRIA-n.

Gizarte mugimendua, hitzak berak dio, mugitu egin da; orainaldi lainotsuari argi luzeak jarri dizkio. Mobilizatu da, eta, horren aurretik, Eusko Legebiltzarrean eskaera batzuk erregistratu ditu. Alderdiei dei egin die. Eta agerian utzi ditu horiei luzatutako galderak, oro har subiranismo osora zabal daitezkeenak: zein da planteamendua burujabetza maila handiagoa lortzeko? Zein abagune izango da egokia eztabaida horri heltzeko? PSOEren gobernua eta haren aliantza sistema baliatu behar dira pausoak emateko, edo beste gobernu batek aukera hobeak emango ditu? Zein epe proposatzen diote subiranismoaren oinarri sozialari? Zein bidelagun dira beharrezkoak helburu horiek lortzeko? Eta, azkenik: inoiz aurrerapausorik emango bada, eman liteke gizarte mugimendu sendo bat atzean eduki gabe?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide