'Kyiv', 'Krung Thep', 'San Sebastian'

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko uzt. 9a, 00:00

Gerraren krudelkeria ez ezik, toponimoen borroka ere agerrarazi du Ukrainako gatazkak. Izan ere, Kiev zena Kyiv bihurtu da munduko leku askotan. Elkartasunez edo. Kiev izena errusieraz da; Kyiv, aldiz, ukraineraz. Nazioartean kanpaina egin da ukrainerazko izena bultzatzeko. Hainbat hedabide eta aireportuk bat egin dute helburu horrekin. Egun Kyiv ikus dezakegu bertan, Kiev barik.

Kiev ez da kasu bakarra. Munduan badira zenbait toki, izena aldatu dutenak. Thailandiako hiriburua da horietako bat. Singapurreko The Straits Times egunkariak azaldu duenez, hiriaren jatorrizko izena esaldi bat da —munduko toponimorik luzeena dela dio Guinness liburuak—. Lekua deskribatzen du, thailandieraz: «Krungthepmahanakhon Amonrattanakosin Mahintharayutthaya Mahadilokphop Noppharatratchathaniburirom Udomratchaniwetmahasathan Amonphimanawatansathit Sakkathattiyawitsanukamprasit». Hau da: aingeruen hiria, hilezkorren hiri handia, bederatzi harribitxien hiri bikaina, erregearen egoitza, errege-jauregien hiria, jainkoen egoitza irudikatua, Visvakarman-ek, Indra-ren eskariz, eraikia.

Oraingo izena askoz motzagoa da: Krung Thep Maha Nakhon —hango herritarrek Krung Thep esaten dute, areago laburtua—. Atzerritarrek, berriz, Bangkok deitzen diote hiriari. Izen hori kanpoko herrialdeekin harreman ekonomikoak errazteko erabiltzen hasi ziren Thailandian, Phacharaphorn Phanomvan historiagileak adierazi duenez. Haren iritziz, herriak Europako potentzien apeten arabera izendatzeak kolonialismoa errotzen du: «Gure erreferentzia kulturalei eragiten die, eta geure buruaz dugun pertzepzioari».

Zeren arabera onartu toponimoak? Espainiaren kasuan badira kontraesan batzuk. Espainierazko hainbat hedabidetan Girona eta Lleida ageri zaizkigu. Katalanez. Euskal Herriko izenekin ez da hala gertatzen. Donostia kasu nabarmena da. Hainbat irakurleren aburuz, espainiarrek izen hori espainieraz idaztea izango da zuzenena. Hala da, baina orduan zergatik Girona eta Lleida eta ez Gerona eta Lerida?

Bada beste kontu bat, Donostiaren alde egiteko: Gironak eta Lleidak jentilizioa dute espainieraz: gerundense, leridano-a. Donostiak, ez. Easonense hitza dago. Kultismo bat da, inork erabiltzen ez duena. Agian, Easo hori —Oiasso, berez— Irun dagoen lekuari zegokiolako. Donostia haien Espainiako hiriburu bakarra izango da, haien eguneroko espainieran jentiliziorik ez duena. Bitxia, ezta? Gipuzkoako hiriburuko jendea donostiarra da, ez sansebastianense-a. Espainian badakite donostiarra San Sebastian hiriari dagokiola. Ez lukete arazo handirik izan beharko donostiarra eta Donostia lotzeko.

Iruñeak ere zer pentsatua ematen du. Pamplona baskoien hiria zela idatzi zuen Estrabonek. Zer hizkuntzaz hitz egiten zuten baskoiek erromatarrak iritsi eta izen hori ezarri baino lehen? Latinez ez. Are gutxiago gazteleraz; erdara ez zen existitu ere egiten orduan. Espainiera jaio aurretik mintzatzen zen euskara Nafarroan. Iruñea izena erromatarrak etorri eta gero sortu zela esaten dute aditu frankok. Hala izanik ere, ez al da logikoa hiriari bertako herritarrak konkistatzaileak heldu baino lehen mintzo ziren hizkuntzaz deitzea? Iruñea izena Pamplona baino berriagoa dela? Eta?

Izen deigarria du Krung Thep hiriak. Hala ere, horrek ez du balio izan Bangkoki bidea mozteko. Hemengo kasuan aproba egin liteke, ea halako formula bat erabiltzeak euskarazko izena bultzatzen duen: Donostia, Kantauri itsasoko perla eta badia, uhartea eta artea batzen dituen hiria, kulturaren habia, zinemaren loria, udako gau epeletako su artifizialen paradisua, konfetiz betetako izozki koloretsua, sukaldaritzaren erresuman jaun, jabe eta buru, Parte Zaharra pintxo ederrez mukuru, kolkoa bete diru duenarentzat helburu.

Turistaren batzuk galduko lituzke hiriak, baina gutxi: pazientzia handia behar da testua oso-osorik irakurtzeko. Hortaz, ez luke kalte ekonomiko handirik eragingo. Eta Parte Zaharreko herritar ugarik eskertu egingo lukete.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide