IRITZIA

Gazteria, herri duintasunaren salbagarria ote?

Erabiltzailearen aurpegia Eder Sanchez 2025eko irailaren 24a

Ume talde bat Aiaraldean Palestinaren kontrako mobilizazioen lehen lerroan. / Aiaraldea.eus

Europako gazteriaren parte hartze politikoaz hitz egitean, kezka eta itxaropena era berean pizten dituen gaia dugu. Inkestek argi erakusten dute gazteek herrialde askotan (guztietan ez bada) hauteskunde prozesu ezberdinetan gero eta bozka gutxiago ematen dituztela. Politikan eta gizarteen eraldaketa prozesuetan eragitea ez da soilik bozka bidez adierazten. Neurri haundi batean, parte hartze txiki hori politikaren birformulazioaren parte delakoan nago… beste era batean ulertu, militatu eta eraldatzea, alegia.

Orain hamarkada pare bat hasi zen globalizazioaren mehatxua, egun, errealidadea dugu. Egoera honek suposatzen duen informazio eta desinformazio olatuetan itota dabiz belaunaldi ezberdinak, baina gazteriari, aldaketaren indar faktikoa den heinean, bere izaeran eta esleitu zaion denboran jardutea eta irtenbideak bilatzea egokitu zaio. Nork lortuko du eraldaketa bestela? Egokitu zaien misioan, bide-lagun duten “beirazko” gazteria dutela, irtenbideak lortzeko erronkan pisu handiko handicap-arekin egin beharko dute. 

Badira militantzia aktiboan jarduten diren gazte eragile asko eta, neurri haundi batean, politika normatiboan dabizen alderdi politiko batzuk erabateko gaztetzeko prozesuan murgilduta daudenak ere bai. Agian ez hegan egiteko prest dagoen txita soilik, baizik eta kabiatik irtetzeko behartuta ikusten du bere burua gazteriak. Dena dela, politikaren birformulazioa eta eraldaketarako garaia heldu da eta erronkari heldu behar zaio. 

Ikusteke dago, beraz, energia hori guztia, politika eraldatzeko gaitasuna duena, noiz bihurtuko den ordezkaritza politikoa. Helduko da, izan zirelako garelako eta garelako izango direlako. Ikusteko dago, baina, esparru lokaletik hasi diren parte hartze modu ezberdinez gain (aurrekontu parte hartzaileak edo auzolanen ugaritzeak), mundu globaleko zelai joko berrian gaudela uka ezina den heinean, bertan ere bai eragin eta eraldatu beharra dagoela. Ikusiko ditugu moduak, formulak eta saiakerak eta gure aldetik (horren gazteak ez garenen aldetik) laguntzea besterik ez zaigu geldituko (gutxi balitz moduan…).

Adibidez, egun, 7/24ko etengabean ikusi izan ditugu konflikto armatu nagusi bi, egunak pasatu ahala era gordin eta krudelagoan. Laranja mekanikoa pelikulako protagonista bagina bezala, begiak irekita irensten ditugu ia-ia usaindu daitezkeen irudi kopuru izugarria, zeinaren ondorio zuzena “olatuan” itota ibiltzea den, hots, zer egitea arnasa hartzea balitz bezala, ezinean bizi gara egunerokotasuneko lan edo inertziazko jardueran “babestuz”.

Begi bistakokoak diren kontuek, egun batean erabateko onarpena izango luketenek, alegia, egun ez dute. Palestinak bizi duen genozidioa, adibidez, begi bistakoa bada ere (arrazoi eta zergatietan sartu gabe, herri eta hiriak desagerraraziz eta bertako gizarte zibila erailtzea eta erbesteratze behartua irtenbide edo aukera bakarra izanik), “nagusiok” ez gara gai terminoan edo definizioan bat egiteko. 

Herrien duintasuna eta eskubide unibertsalak berreskuratu eta denboran iraunarazteko erronka horretan, elkartasun internazionala laguntzen du globalizazioak (ez dira denak gaitzak izango…) eta moduan, zein jardun eta militatzeko edo politikan parte hartzeko era berrian, gazteria izango da aktibazio horretarako giltza nagusia. Dudarik be. Europak, beraz, etorkizun propiorako eraldaketa eta aldarrikapen zuzenez gain (etxebizitza, lan baldintza eta eredu berriak…), gizadiaren etorkizuna eraldatzeko ahaleginarekin bat egin behar du. Heldu diezaiogun, beraz, gazteriak botako digun salbagarrira!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide