Perspektibak agintzen du garai hauetan eta erabateko esfortzua suposatzen du askorentzat gure lurralde historikoetatik at gertatzen ari den faxismoaren etorrerarekin. Gurean, asintomatikoa ematen badu ere (aipatzearren, 2024ko hauteskundeetan VOXek eserleku bakar bat lortu zuela ikusita, Araban, eta Ertzaintzak 236 gorroto gertaera erregistratu zituen, 2023an baino % 16 gutxiago) datuak azpijoko maltzur batean dabiltzatelakoan nago.
Hasteko, joera. Ikerfelek Eusko Jaurlaritzarentzat egin duen Soziometroaren arabera (2026ko urria), Voxek % 4,8 lortuko luke Euskadin azaroaren 29ko hauteskundeetan, hau da, hogeitik bat inguru, eta % 4,7 Araban. Eserlekurik ez luke lortuko, baina jada ez da marjinala. Bigarrenik, gertaera horien izaera: % 62 arrazistak edo xenofoboak izan ziren.
Gainera, erregistratutakoa izotzmendiaren punta izan daiteke eta biktimak, gehienetan, etorkinak dira, boto-eskubiderik gabeko pertsonak eta askotan ez dira salatzen, ikusezin dena neurtu ezina izanik.
Hirugarrenik, memoria. Euskal gizarteak ondo daki zer den indarkeria politikoa, jazarpen eta errepresioa. Memoriak talka egin dezake bere falta berarekin alegia, bermerik suposatzen ez duen konfi antza eremua mehatxatuz.
Etxebizitzak egun kezka nagusia izanik eta honek sortzen duen ezinegonari erantzun belarrigoxuak ematen ez zaizkionean, beti dago baten bat erantzun errazak saltzeko prest dagoena eta bestelako elementuak nahasteko abilezia duena faxismoaren errezetak prestatzeko.
Laugarrenik, hitzen balioa. «Otsoa dator, otsoa dator» garrasi da azken bi hamarkadetan, eta «faxista» deitu zaio iritzi desberdina duen edonori era oso merkean. Nire aburu xumean, horrek bidea erraztu die benetako faxistei eta otsoa gure artean dugu dagoeneko, baina izendapena zehaztasunez ematen ez badiogu, otsoaren mesedean elkartu beharrean, banatu eta ahulagoak bihurtu gintezke.
Arriskua ez datza bihar Parlamentua hartzean, gorrotoaren eta deshumanizazioaren hizkera ohikotzean baizik. Aurrea hartzea merkeagoa da berandu iristea baino: hezkuntzan, etorkinen babesean, etxebizitzan, politikari eta hedabideen hizkeran... eta bozkan.
Azaroaren 29an Gorte Orokorretarako hauteskundeak dira. Demokrata orori zuzentzen natzaio: bozkatu! Abstentziotik ateratzen dugun bozka bakoitzak, justizia sozialaren bidean jarraitzeak suposatu dezake, martxa dena dela… ez gaitezen damutu gero!