Hezkuntzaren esparruan kokatzen da nire lan-eremua, lehendabiziko hamabi urteetan hain zuzen ere. Adin tarte honetan ez ditugu, eskoletan bederen, eraso matxista larriak ikusten. Bai ordea, begirada finduz gero, arinagoak diren beste batzuk, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoak: espazioa hartzeko moduan, taldekatzeak egiterakoan, hizkeran edota zereginak banatzeko orduan, esate baterako.
Orduan, eskolako maisu-maistrak inertziaz hasten gara lanketa ezberdinak antolatzen, helburu handiak dituzten jarduera eta dinamikak proposatzen, liburu-bilduma hezkidetzaileei begira… data zehatz batzuk hurbil ditugunean batez ere.
Uste dut hankamotz geratzen dela egiteko hau guztia eta horrela bakarrik alperrik gabiltzala. Esango nuke, gure haur eta gaztetxoen jarrera oro bezala, kutsu matxista duten jarrerak ere, jendarte zabalaren islada direla eta, ondorioz, helduok geure buruari begiratu beharko geniokeela adiago. Generoaren araberako rolen gainean jartzen ditugun espektatibei erreparatu beharko genieke, espazioen antolaketa eta diseinuari begiratu (komun mistoak jarriz edo kaleko jolasguneari genero ikuspegitik buelta bat emanez), erabiltzen dugun hizkuntza zaindu, nori zein jokaera txalotzen edo arbuiatzen diogun hausnartu e.a.
Hazkuntzan eta hezkuntzan helduok haurrekiko ditugun begirada eta jokamolde ezberdinek, eragin zuzena dute haiengan eta txikitatik barneratzen dira bat edo beste. Jar diezaiogun arreta, beraz, hezkuntza-komunitatea osatzen dugun guztiok.