360 graduko Euskal Herria da gurea, zazpi lurraldetan bereizia, hiru administraziotan banatua, bi estatutan sakabanatua, baina beti bat, gogoz, nahiaz, lehenaz eta geroaz, eta guztiz ere euskaraz batua.
360 graduko Euskal Herria askotarikoa da, anizkoia, lagun ezberdin bezain berdinez osatua, herrikide libreek eraiki herri libre bat, kolore guztiak maite dituen herria da gurea, gorri, berde, zuri gureak bezala morea, oria, urdina, laranja maite dituena.
360 graduko Euskal Herri hau eskuz, GURE ESKUz lotua nahi dugu, mugak eta harresiak ez baititugu maite, eskuz eta bihotzez, ez inola ere kateez lotua, maite ditugun katea bakarrak gure armarrikoak dira eta.
360 graduko Euskal Herri honetan guk geure buruaz eta geroaz jabe izan nahi dugulako, une historiko honetan, beste aurreko asko bezain zail honetan, orok bat eginez, garen garena legez, askatasuna elkartasunarekin helburu, erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu. Eta ez, ez da “izango zen”, “izango da” baizik, euskaldunek ez baitugu etsipenean gelditu nahi, etorkizunak itxaroten digu eta.
Aiaraldean ere BAGARA
Aiaraldeko GURE ESKUk ere BAGARA ekimenean esku hartu du. Azaroaren 16an goizeko 10etatik gauera bitartean, Hamaika Telebistan eta YouTouben bideo-maratoia ikusi ahal izango da, Hegoaldeko lau hiruburuetan ospatuko diren egitaldiekin batera hainbat herri eskualdetan sorturiko bideo batzuen emanaldia.
Gure eskualdeko bideoa maratoian emango da eta gure kanalean ere ikusgai egongo da YouTouben, Gure Esku Dago Aiaraldea delakoan, BAGARA ekimena bukatu eta gero. Aiaraldeko GURE ESKUko herri-taldeok azaroaren 16an Gasteizen eguerdiko 13:00etan egingo den kultura-egitaldira joateko deia zabaltzen du, Auzolan frontoian Ereintza dantza-taldeak eta Maddalen Arzallus bertso-kantariak eskainiko duten ikuskizunera.
Gasteizera ezin duenak Bilbon ere aukera duke, BAGARA Ikuskizuna eguerdiko 12etan emango baita. Azkuna Zntroan (Alondegia). Hegoaldeko hiriburuetan zuzenean esku hartzeko izen emateko bidea gureesku.eus-en bila daiteke.