Gaur ikusi dut, inora ez doan eguneroko bidean. Ez atzo. Ez etzi. Ezta iazko edozein gauerdi ilunean ere; baizik eta gaur. Gaur egin dut harekin topo, lurrean. Jaurtia, isildua, bizigabea. Hortxe neukan bihotz bat nire aurrean. Pentsamenduak pil-pilean jarri zaizkit korridoreko jendetzaren zeharkako igarotze urduri, bizkor eta adigabeen antzera. Minik ematen ote dio, gure pausu arin eta arduragabeak sentitzen dituenean gainezka? Gure oinkada axolagabeak izan al dira, hain zuzen, denborarekin bihotz hori higatu dutenak? Berriz erabiliko ez zuen amorante desengainatu baten bihotzaren fosila zirudien harriak, lurrean botata, azken pasioaren atzen arnasaren ostean. Konturatu gabe bertan eman dut eguna, eta pasako ditut asteak, erantzunik ematen ez didan bihotz horri galdezka. Norena ote? Atzo bertan al zegoen? Alkandora azpitik sartu dut eskua, ziurtatzeko nirea ez dela. Gaurko eguzkiaren izpi iharrek umezurtz utziko dute bihar silueta. Etorriko dira euriteak eta laino grisen malko gezak. Eta orduan, negarrez lehertzeraino zeruak eztanda egiten duenean, orduan beteko da bizitzaz zoruko zulo goibela. Zementuan irauli eta duintasunez puztuta, putzu dardarkari bizia bilakatuko dena.