Txiki-txikitatik izan da Leire Ria (1987) arrankudiagarra Indarra futbol taldeko zale bat baino gehiago. Talde honen historian lehen emakume entrenatzailea izan da. Guk berarekin egon nahi izan dugu.
Zer da Indarra futbol taldea Leire Riarentzat?
Indarra taldea nire bizitzako parte handi eta garrantzitsu bat dela esan dezaket. Txikitatik jarraitu izan dut taldea eta hainbat belaunalditako futbolariak ikusi izan ditut Javi Escalza futbol zelaian. Lehen ez nuen partidu bat ere galtzen eta aita eta nire lehengusu Kabrarekin joaten nintzen (haiek ere oso futbolzaleak), orain agian, gutxiago joaten naiz. Hamabost bat urterekin nesken taldean jokatu nuen, eta taldeko kapitaina nintzen. Gaur egun umeen entrenatzailea naiz eta aitortu beharra daukat oso gustura nagoela. Lan hau egiteaz gain orain dela 3 urtetik hona zuzendaritzan nabil. Laburbilduz eta gure abestiak esaten duen bezala, Indarra barru barruan daramadan sentimendu bat baino gehiago da niretzako (barreak).
Nondik datorkizu futbolerako zaletasuna?
Etxean guztiok gara futbolzaleak, aita Indarrako jokalaria izan da eta baita lehendakaria ere, neba betidanik aritu da futbolean (gaur egun Galdakaoko futbol taldean dago), amari ere gustatzen zaio, lehengusuei... etxeko zaletasunagatik agian datorkit niri ere eta betidanik eduki dut, jaio nintzen egunetik nik uste (barreak). Etxean panpinak izan beharrean baloiak eduki ditugu. Astebururo 3 partidu edo gehiago ikus ditzaket erraz, batik bat Indarra eta Athleticenak.
Nesken taldean jokalaria izan zinen, zelan ikusten zenuen duela urte batzuk emakumeen egoera futbolaren munduan? Eta nola ikusten duzu gaur egun?
Ba jakina da futbolean emakumeon egoera ez dela ona. Eta kirol gehienetan berdin gertatzen da gainera. Hala ere azken urteetan emakumezkoen futbolak gora egin du, agian emakumezkoen Athletic futbol taldeak eduki duen arrakastaren ondorioz. Begi-bistakoa da gero eta neska gehiago animatzen dela futbolera jokatzen eta hori benetan pozgarria da. Indarran adibidez historian lehenengo aldiz neskatoen talde bat sortu da.
Zerk eraman zintuen futbola utzi eta entrenatzaile lanetan aritzera?
Arrazoi garrantzitsuena lanean hasi nintzelako izan zen, eta horren ondorioz denbora libre gutxi nuen. Azken finean futbolaz bizitzea oso zaila da, eta are gehiago emakume batentzat. Lesioen beldurra ere hor dago, izan ere lesio batek ondorio negatiboak eduki ditzake lanean eta eguneroko bizitzan.
Esan beharra daukat futbolean jokatzea baino nahiago dudala futbola ikustea. Eta agian horregatik disfrutatzen dut gehiago entrenatzaile lanetan. Gainera bai pasa den urtean eta baita aurten ere oso gustura nago haurren taldearekin eta horrek asko motibatzen nau.
Aurten haurren talde bat baino gehiago sortu da, osasuntsu al dago harrobia? Zer nolako etorkizuna ikusten diozu Indarrari?
Oin dala 5 urte esaten badidazu 2011n Indarrak lau talde izango zituela ez nuke sinistuko. Lau taldetik hiru harrobiko taldeak dira. Aurten 2 talde berri sortu dira, alebina f-7 femeninoa eta benjaminak F-7ak.
Arrankudiaga bezalako herri txiki batentzat izugarrizko lorpena da, izan ere oso zaila da taldeak ateratzea hainbat arrazoiengatik: batetik adinaren arazoak ditugu. Nnesken taldean, adibidez, 7 urtekoek 11 urtekoekin jokatu behar dute. Eta berdin gertatzen zaigu mutilekin.
Bestetik Arrankudiagako gazte asko beste talde batzuetara joaten dira. Badakit beste talde handiagoetan gehiago ikasiko dutela baina niri pertsonalki pena handia ematen dit. Guraso askok uste dute beraien seme alabek etorkizun handiagoa edota aukera gehiago eduki ditzaketela beste talde batzuetan, baina nire ustez erratuta daude. Nik uste dut beste balore batzuk garrantzitsuagoak direla, eta ez diogu emaitzei garrantzirik ematen. Nahiago dut haurrak jokatzera pozik etortzea eta kide, aurkari zein epaileak errespetatzea. Eta momentuz hori lortu dugu.
Zoritxarrez herri txikietan arazo handiak izaten ditugu talde berriak sortzeko. Eskerrak Zollotik, Zeberiotik, Arrigorriagatik, Laudiotik... etortzen zaizkigula.
Etorkizun polita ikusten diot Indarrari, hala ere egungo egoera mantentzea zail-zaila dela uste dut. Hau mantentzea lortzen badugu, gero garaipenak etor daitezela!
Sarri joaten zara San Mamesera lehen mailako partiduak ikustera. Gustatuko litzaizuke emakumeak gizonen baldintza berdinekin aritzen ikustea?
Asko gustatuko litzaidake, baina zoritzarrez oso zail ikusten dut.
Gizonen futbolak gizarte honetan kriston pisua dauka, eta horrek diru asko mugitzen du. Pena da emakumeak, gizonak bezalako gauzak egin arren maila berdinean baloratuta ez egotea. Hala ere oso zail ikusten dut, aldaketa asko egon beharko litzatekeelako.
Indarrak urtero jai bat prestatu ohi du Arrankudiagan, jada ohitura bihurtu den jai honetan herriko jende askok parte hartzen du. Ze asmo daukazue aurten jai honen inguruan?
Egia esan, oraindik zuzendaritzako batzarretan ez dugu ezer aipatu gai honi buruz, baina pasa den urtekoa ikusita suposatzen dut eta espero dut aurten ere Indarra Jaia ospatzea.
Oso polita da herriko adin ezberdineko jendea, bai umetxoak, baita helduak ere egun horretan primeran pasatzen ikustea. Aste horretan gogor lan egin behar izaten dugu baina azken finean egiten dugun lanak merezi du.
Elkarrizketa hau jendea modu baten edo bestean animatzeko erabiliko dut. Indarra Jaiaz gozatzeko, bazkide egiteko zein jolasteko ateak zabalik dituela. Eta aiaraldea.com-i eskerrak eman elkarrizketa honengatik.