Oporretara joan aurretik Arrankudiagako eta Zolloko musikariek etxerako lanak dituzte. Ikasitako dena guraso zein lagunei erakustea, hain zuzen ere. Eta urtero lez kontzertu bat eskainiko dute jendaurrean.
Gizarte Etxeko musika eskolak prestatzen duen urte amaierako kontzertuak berezitasun bat eduki ohi du: instrumentu mota bakoitza ikasten duen taldeak kantu bana prestatu beharrean denen artean eta hainbat familiatako instrumentuak batuz kantuak lantzea. Abesti instrumental zein kantatuak, ezagun eta ez hain ezagunak. Haur, gazte eta helduek, denek batera, prestatu eta eskaintzen dute kontzertua.
Eskolako irakasle Ixone Mendibilek esan digunez aurtengo kontzertua berezia izango da; izan ere joko dituzten kantu guztiak, kantu herrikoiak izango dira. Kontzertu parte-hartzaileago baten nahian ikusleak edo hobeto esanda, entzuleak, pasibotasunetik atera eta kantuan jartzea izango da euren asmoa. Horretarako abestien letrak banatuko dituzte eta inork ez du ez kantatzeko aitzakiarik izango.
Beraz, bihar, abenduak 17, kantuzaleek zita berezia edukiko dute Gizarte Etxean, iluntzeko 8etatik aurrera.