Luiaondoko Batzar Administratiboak adierazi duenez, herriko txoko historikoen zergatia panel informatiboen bidez helaraziko diete bisitari zein herritarrei. Guztira, 13 lekutan kokatuko dituzte 100x80 zentimetroko neurria izango duten egurrezko taulak. Era horretan, Batzar Administratiboko Roberto Garmilla lehendakariaren esanetan, ondorengo lekuen jatorriaren berri izango dute bertaratzen diren guztiek: Malato zuhaitza, Otatzu zein Zubibarri zubiak, Zubibarriko teileria, Lekubatzeko sorginen istorioa, Padurako urre, bitxi eta zilargintza, Kintoko errota, San Lorentzo eta Santo Domingo ermitak, Pastoras baserria eta Madalenako eliza eta bolatokia. Era berean, Luiaondoren herri-egituraren zergatia azalduko dute azken panel batean. Horretarako, baina, Eusko Jaurlaritzari egindako diru eskaera ezinbestekoa dela ohartarazi dute.
Bestalde, jakinarazi dute urte amaierarako frontoiko aldagelen berriztatze lanak bukatuta egongo direla.