IRITZIA

Eskola txikiak handiak dira

Erabiltzailearen aurpegia Gemma Corbella 2021ko mai. 31a, 09:55

Aurreko astean jakin izan genuen San Jose auzoan errotua dagoen Zabaleko ikastetxea itxi nahi dutela. Zergatik batu Zabaleko eta Mendiko ikastetxeak hain eskola ezberdinak izanik? Zer dago horren atzean? Hori al da kalitatezko hezkuntza lortzeko bidea? 

Aniztasuna aberastasuna da eta aniztasun horren barruan izaera eta nortasun ezberdinak dituzten eskola publikoek tokia dute. Eskola-txikiek, landa-eskolek eta auzo-eskolek ezaugarri, kezka eta behar ezberdinak dituzte; baina hezkuntza sisteman eredugarriak dira eta hezkuntza eta eskola bizitzeko modu propioa dute.

Zabaleko eskola horietako bat da, txikia, euskalduna eta berezko nortasuna garatu duena. Urratsez urrats bidea egiten jakin izan du eta txikia izatetik handia izatera heldu da. Handia bere auzoarentzat, handia bere ikasleentzat, handia ikas komunitatea osatzen duten guztientzat, handia San Jose auzoan bizi direnentzat, handia Amurrio eta Aiaraldearentzat. 

Urtetako lan itzela dago bide horren atzean: zuzendaritza konprometitu baten lana, irakasle konprometitu batzuen lana, familiekiko elkarlana, eskolatik kanpoko eragileekiko elkarlana, ondoko beste eskolekiko elkarlana eta kalitatezko eskola publiko euskaldun bat eraikitzeko elkarlana.

Herri eta auzo txikietan eskolek duten garrantzia aldarrikatu behar dugu, haiek baitira herri txiki bat edo auzo bat bizirik mantentzen dutenak. San Jose auzoa bizirik nahi dugu eta horretarako Zabaleko eskola publikoa zabalik behar dugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide