"Tubos Reunidosek 850 langilerentzako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espediente berria aurkeztu du Amurrion". Bill Murray bagina bezala Denboran harrapatuta filmean, titular hau jada normala ikusten dugu. Hau izango da hamargarren ABLEa hamazazpi urtetan eta seigarrena azken bost urteotan. Tubos Reunidos profesionala da ABLEak kudeatzen eta praktika artea bilakatu du. Salbuespenetarako neurria enpresa politika bihurtu du.
Tubos Reunidosek beti ahalik eta onurarik handiena bilatzen du, egoera aldekoa izan ala ez. Bere estrategia ez da inbertitzea, ezta bere plan estrategikoa betetzea ere, baizik eta bere langileak derrigorrea malgutzera, hitzarmen baten aurka borrokatzea, eta ABLEak erabiltzea urtean hilabete batzuetan soldaten kostuak bitarteko publikoarekin "diruz laguntzeko”.
Asko kostatu zen 5 urtez izoztutako soldaten erregularizazioa negoziatzea eta KPIaren araberako igoera lortzea, historiako hitzarmenik luzeenean. Garaipen handia zirudien une hartan, baina enpresako zuzendaritzak bazekien gastu hori nola amortizatu eta, zeharka eta gezurrezko atetik, langileen soldatak nola jaitsi: soldatak SEPEk ordainduz eta langabetuentzako diru-kutxak hustuz.
Enpresak negar egiten du esanez “merkatua gorabeheratsua dela, ezegonkorra dela, Trumpek muga-zergak ezartzen dituela, AEBekiko mendekotasuna, entrega epe gero eta zorrotzagoak daudela, gero eta material eta dimentsio bereziagoko eskaerak jasotzen dituela, gero eta "premium" gehiago, Txinak eta Ukrainak eskaerak kentzen dizkigutela”... baina, azkenean, Tubos Reunidoseko langileak gara faktura ordaintzen dugunak, hitzarmenean adostutako soldata horien azpitik kobratuz, gure langabezia-prestazioak agortuz eta eskubideak, egonkortasuna eta kontziliazioa galduz.
Mozkin milioidunak lortzen jarraitzen dute, eta areto eta bulego moketatu eta lurrintsuetako besaulkietatik barre egiten dute. Beti irabazten dute, ez dute inoiz galtzen. Beti aurkitu dute beharrezkoa beren ordainsariak handitzea, baita 2008ko krisian 170 milioi euroko kreditua poltsikoratu ondoren, ordaindu gabe utzi zutenean, enpresaren zorra esponentzialki handituz, edo langileak 5 urtez indarrez "izoztuta" egon ginenean ere, haien kudeaketa txarra estaltzeko.
Egungo plan estrategikoari dagokionez, bi lantegiren (Iruñea eta Sestao) itxiera baino ez dugu ikusi, kaleratzeak eta nahitaezko lekualdaketak eginez bidean.
Tubos Reunidosek trikimailu horiek erabiltzen ditu, erakundeek horretarako aukera ematen diotelako. Hori da azken lan-erreformen ondarea.
Tubos Reunidosek trikimailu horiek erabiltzen ditu, erakundeek horretarako aukera ematen diotelako. Hori da azken lan-erreformen ondarea (bai, gobernu komunista-bolivartarrarena ere bai), enpresa handiei langileen soldatak eta prestazioak urtez urte lapurtzeko gaitasuna ematea, etekin pribatuak handitzeko eta kostuak sozializatzeko, lan-agintaritzak ia gainbegiratu gabe eta inork onartu beharrik gabe.
Eta bitartean, langabeziaren kartillak agortzen doaz, langileok berreskuratu ezin ditugunak, gero eta maizago ABLE berrietan hondoratzen gaituen enpresa batekin.
Ez gara gutxi borrokan jarraitu behar dugula pentzatzen dugunak. Baina, azkenengo ABLEan hartu diren azkenengo erabakien noraezak ez garamatza bide onera. Murrizketetara ohitzera garamatza, babesgabetasunera garamatza, desmobilizaziora garamatza eta gure lanpostuak kontsulta-aldi hauetakoren batean, ABLE-aren ‘AB’a (‘Aldi Baterako’) desagertzearen aukeraren mende uztera. Herdoiltzen ditu gure defentsak eta urte asko ahaztuta daramatzan lubakia suntsitzen doa, lanpostuak ondo defendatzeko gaitasunarekin.
Ikasita eduki beharko genuke jada, "ostrukak bezala burua lur azpian ezkutatzeak" ez duela konpentsatzen. Ikusi dugu nola jokatzen duten antzeko enpresek, hala nola Bridgestone, Guardian, ITP, Mecaner... Tubos Reunidosek, urrunago joan gabe, EEE bat aplikatu nahi izan zuen Trapagan. Saihestu zena, bai, baina bakarrik langileen borrokari eta mobilizazioari esker. Eta ez dezagun ahaztu Tubacexeko langileek beren lanpostuak defendatzeko egin behar izan zuten greba eta borroka historikoa.
Inoiz baino beharrezkoagoa da klase-borroka izpiritu hori elikatzea eta etsaiak eskaintzen dizkigun pozoitutako akordio posibleekin gu engainatzen ez uztea, gure borrokarako gaitasuna murrizten baitute, otsoa bildotsez jantziz, eta langileoi benetan aplikatzen diguten ponzoina gozotuz.
Gure ustez, epe luzera begira pentsatzeko garaia da. Planto egiteko eta lotsagabekeriaren ABLEak gelditzeko garaia da.