Erabat lotsagarria izan da azken selektibitate azterketetan euskararen inguruan ikusi duguna. Beste behin argi geratu da hezkuntza sistema kapitalistan euskara bigarren mailako hizkuntza dela, eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak behin eta berriz zapaltzen direla.
Ukaezina da euskararen aurkako oldarraldi betean gaudela. Horren erakusgarri dira, besteak beste, komunikabideek euskararen aurka egiten dituzten seinalamenduak, epaitegiek hartzen dituzten erabakiak, zonifikazioari eustea eta sindikatuek zein alderdi politiko batzuek etengabe egiten dituzten adierazpenak.
2026ko euskarazko azterketaldiarekin gertatutakoa testuinguru horretan kokatu behar da. Izan ere, hainbat eragilek euskarak duen ofizialtasun apalari beste atzerakada bat eragin nahi izan diote: familia dirudunentzat antolatutako ikastetxe pribatuek, VOXek, PPk, PSOEk, CCOOk, El Correok, ABCk eta El Mundok, EAEko instituzioen pasibitatea baliatuta, eta nola ez sistema kapitalista bera sotengatzen duten epaileen babesarekin.
Bestalde, selektibitatearen funtzio klasista seinalatu behar dugu, izan ere, filtro sozialerako tresna baita. Selektibitateak ikasleak sailkatu egiten ditu, eta ikasketekin aurrera egiteko zailtasunak dituzten ikasleak hezkuntza-sistematik kanporatzen ditu.
Zentzu horretan, azterketaldi honekin gertatu dena ezin da klase ikuspegia kontuan hartu gabe aztertu. Zehazki, baliabide ekonomiko handiak dituzten familiek hezkuntza pribatua ordain dezakete, familia proletarizatuenek, aldiz, unibertsitatean sartzeko lehiatu eta ahalegin izugarriak egin behar dituzte.
Zentzu horretan, Aiaraldeko Ikasle Antolakunde Sozialistatik gogor salatzen dugu euskararen aurkako eraso larri hau eta konpromiso irmoa hartzen dugu euskararen defentsan: euskaldunon hizkuntza-eskubideak defendatuz, euskaraz ikasteko eskubide erreal, doako eta unibertsala aldarrikatuz, eta euskarak biziraun dezan Euskal Estatu Sozialistaren norabidean gure indar eta ahalmen guztiak jarriz.
Bide horretan, duela egun batzuk Aiaraldeko Ikasle Eguna antolatu genuen, ikasleok ditugun erronken inguruan hitz egiteko, hausnartzeko eta komunitate politikoa sendotzeko. Izan ere, ezinbestekoa da, bai hezkuntzan bai gizartean oro har datorkigun oldarraldiari aurre egiteko, antolakunde sendo eta indartsuak izatea. Era berean, ikasle guztiei dei egiten diegu euskaraz ikasteko eskubidearen alde antola daitezen.