Gure herrietako jaietan murgilduta gaudela, betiko galdera: deabrua bezain nazkagarria eta emakumearentzat* munduko gauzarik iraingarriena den reggaetoia herriko tabernetan goizeko bostetan entzun, eta nire gerria kontrolik gabe astintzen hasten denean, zer egin? Zainak moztu?
Ei, ei, ei, lasai txo! Hausnarketa txiki bat: Reggaetoia musika estilo bat da, erritmo bat, nola izan daiteke musika estilo bat berez matxista? Nola demontre erritmo bat izan daiteke iraingarria? Ezin dut ulertu. Inork ezin du ukatu reggaetoi komertzialaren letren artean, ehuneko handi batean gizonak emakumearen* gain dituen pribilegioen apologia egiten dela. Baina, zer gertatzen da beste musika estilo guztiekin? Poparekin, rockarekin, indiearekin, euskal musika tradizionalarekin?
Heteropatriarkatu honek gure bizitzako esparru guztiak lapurtu dizkigu, eta bai, musika horietako bat da. Baina, orduan zergatik dago reggaetoia jo puntuan? Nik, bi arrazoi nagusi aipatuko nituzke: klasismoa eta sexuarekiko dagoen tabua. Nondik dator musika estilo hau? Ez da kasualitatea honen jatorria Latinoamerikako kaleak izatea, alegia. Noski, emakumea lurrazpian uzten duen abestia gizon txuri dirudun batek abesten badu, orduan inor ez da arrotzen honen aurrean. Beste behin ere, sistema kapitalista honek barruraino sartu digun aporofobiak ziria sartu digu. Horra hor klasismoaren aurpegi sotila, gure aurrean. Eta zer esan dezakegu sexu esplizituari buruz? Zelako arazoa dugun horrekin lagun! Poesiaz eta amodio erromantikoz mozorrotutako letra leun batean gizonak emakumea* guztiz menperatzen badu, orduan bai, zein ederra. Baina, haragiaz hitz egiten dugunean, gorputzez, biluztasunaz... orduan alarmak jotzen du. Sexuaz libre hitz egin nahi dugu, nahikoa da, ostia!
Eta bai, gure tabernetan, oholtzetan, txosnetan... letra matxistak dituzten abestiak desagertzen direnean, ez dakizue zelako festa muntatuko dudan, baina ez dezagun kriminalizatu gorputzean sartu eta hainbeste disfrutatzea eragiten digun zerbait. Musika musika da, ez dago hobeago ala txarragorik. Eraldatu dezagun, gure egin dezagun, GORA REGGAETOI FEMINISTA!