KRONIKA

Identitarismotik harago: TERF mugimenduaren aurkako borroka

Erabiltzailearen aurpegia Ira Pereiro Urkijo 2024ko mai. 10a, 07:30

Txao Titis kolektiboko eta Orbeko Etxeko kideek parte hartu zuten mahainguruan. / Bollotopaketak

Apirilaren 26tik 28ra, “Euskadiko lesbianen lehen jardunaldietatik” 40 urte pasa ostean, Euskal Herriko bollotopaketak ospatu ziren Leitzan, 500 bollera eta gorputz disidente baino gehiago batu zirelarik Nafarroako herrian. Topaketen antolakuntzak izaera asanblearioa izateaz gain, autogestioa eta euskararen hautua izan zituen oinarri, identitate anitzak erdigunean jartzeko jomugarekin.

Hausnarketa, gozamen, eraikitze, deseraikitze eta ikaspenez betetako egitarau oparoaren barruan, TERF (ingeleraz Trans Excluyent Radical Feminist) mugimenduaren auziaz aritzeko mahai ingurura gonbidatuak izan ginen Txao Titis (Ira Pereiro)  eta Orbeko Etxea (Iera Garaio) kolektiboak, Ozen bilboko talde transmaribibolloarekin batera.

Gaiak gure inguruan sortzen duen ezinegonaren islada izan ziren bertaratutako 200 entzule inguru, problematika honi aurre egiteko dagoen beharra argi utzita. Mahaia dinamizatzeko Josebe Iturrioz (Itu) izan genuen gurekin, eta hasiera emateko, kokapen historikoa eman zion gaiari. TERF mugimenduaren sorreraz hitz egitean, Estatu Batuei egin zion erreferentzia, Espaniako Estatuan eta Euskal Herrian feminismoak izandako bilakaera azalduz ondoren. TERF mugimenduak izan dezakeen arriskuaz aritu zen, haien jardunak 3 “hanka” nagusi dituela gogoraraziz: trans pertsonon, sexu-langileen eta pornoaren kontrako jarrera aktiboa, hain zuzen ere.

Hiru asanblada ezberdinetako kideok gure kolektiboen aurkezpena egin ostean, Ituk planteatutako galderei erantzuten saiatu ginen. Transfobiaren aurrean dugun jarrera antzekoa izan daitekeen arren, argi geratu zen nabarmenak direla hiriaren eta herriaren artean dauden ezberdintasunak. 

Lehenengoari dagokionez, Ozenek Bilboko errealitateari heldu zion, azken garaietan TERF mugimenduaren gorakada kezkagarria dela ohartaraziz. Bizkaiko hiriburuan pintada eta pegatinen presentzia nabarmenki areagotzeaz gain, faxista hauen jarduna Bilboko Konpartsetara, gune autogestionatuetara, irrati libreetara eta asanblada feministetara ere ailegatu dela gogorarazi ziguten, askotan modu anonimoan jokatuz, noski.

Herriari dagokionez, maila pertsonalago batean ematen diren erasoak direla hausnartu genuen Ierak eta biok. Orbeko Etxearen kasuan adibidez, barne mailan zein haiek antolatutako egitarauetan kudeatu behar izan dituzte mota honetako jazarpenak, horrek eskatzen duen inplikazio guztiarekin.

Txao Titisen aldetik, ekimena publiko egin genuenetik herrian egon den erreakzioa goraipatzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Herriko tabernetako komunetan “sexo no es genero” eta “no te mutiles” pintadak agertu dira, Laudioko radfem sinadurapean. Horrek, hainbat kontu adierazten dituela plazaratu genuen.

Alde batetik, gure inguruan ere antolatuak egon daitezkenaren kezka. Bestetik, anonimotasun horren atzean edonor egon daitekela jakiteak sortzen duen ezinegona, kaletik gurutzatu dezakezun edo terrazan ondoko mahaian eserita dagoen edonor izan daiteke eta.

Amaitzeko, herrian gehienok elkar ezagutzen dugun heinean, hurbileko norbait egoera zaurgarri horretan dagoela jakitean, modu hain zuzenean erasotzeak atzean dakarren maltzurkeria agerian uzten duela aipatu genuen.

“Bere burua antifaxistatzat duen pertsona zein kolektibo orok hartu beharko luke borroka hau bere gain”

Hirian eta herrian egoera ezberdina izan daitekeela ondorioztatu genuen arren, Ituk honi guztiari aurre egiteko ardura norena den galdetu zigunean, erantzun parekoak eman genituen: denona.

Argi dago trans pertsonoi eta talde transmaribibolloei ahotsa eman behar zaigula, baina, bere burua antifaxistatzat duen pertsona zein kolektibo orok hartu beharko luke borroka hau bere gain. Gune autogestionatu zein okupatuek, aisialdi taldeek, gazte mugimenduek eta mugimendu feministek, problematika haien agendetan txertatzeko premia daukagu.

Ez dago posizionatzea ez den beste aukerarik, egoera larria baita. Mugimendu feministei dagokienez bereziki, kezka orokorra azaldu genuen mahaiko kideok, askotan beldurragatik, lehentasun ezagatik… beste alde batera begiratu izan baitute. Horren adibide argia da mahainguru honetara zein gai hau jorratuko zen beste espazioetara talde feminista askok bertaratzeko izan duten interes eza.

Hala ere, garrantzitsua iruditu zitzaigun kolektibo batzuek honi heltzeko jarritako indarra goraipatzea ere, borroka erreferente bilakatu direlarik. Ozenek aipatu bezala, Bilboko Ziztadak eta Akelarre taldeak ditugu adibide, lanketa transfeminista egiteko hautua hartzeaz gain, Mugimendu Feministaren parte diren TERF taldeei aurre egiteko gorputza jarri baitute.

Gure eskualdearen kasuan, Orbeko Etxea eta Txao Titisen artean sortutako sinbiosia aipatu genuen, biak herritik sortuak, eta identitate anitzentzako arnasgune izateko lanean. Lehenengoari dagokionez, gainera, jatorriz espazio cisheteronormatibo bat izanda, barne zein kanpo lanketa handia egiten ari dena, errealitate honi heltzea denon erantzukizuna dela agerian utziz.

Honekin guztiarekin gorputzak eta buruak astindu ondoren, publikoari hitza emateko momentua heldu zen, eta entzule zein dinamizatzailearen partez pare bat kezka gehiago ekarri ziren mahai gainera. 

Ituk zera galdetu zigun: ea trans pertsonok gaur egun feminismoan gure lekua topatzen dugun. Galdera zail eta are erantzun zailago honi heltzeko, Txao Titisen partetik amorrua, pena eta mina azaleratu genuen. Feminismoa gure askoren etxea izan den heinean, orain gure burua kanpoan ikusteak edo hurbiltzeak ematen digun beldurra benetan kezkagarria da, beste gauza askoren artean, hori ere lapurtu egin digutelako.

Mahaian zeuden beste kide transek ere horrela bizi dutela aitortu zuten, gaur egun zoritxarrez feminismora tentuz eta mesfidantzaz hurbildu behar direla, hain zuzen ere. 

Publikoaren artetik, honi hertsiki lotuta dagoen kezka jaso genuen: jatorriz emakumeari atxikitu zaion M8an, emakume identifikatzen ez garenok non geratzen garen, zein espazio hartu behar dugun edota gure parte-hartze maila zein izan behar den.

Hausnarketa sakona eskatzen duen kontua den arren, bistan geratu zen identitate anitzagoei lekua zabaltzeko beharra, garaiak aldatzen diren bezala borrokak birformulatzea ezinbestekoa delako, dudarik gabe.

Barrua zalantzaz beteta baina gorputza indarrez elikatuta eman genion amaiera mahai inguruari, feminismo terminoaz mozorrotutako faxismo olatu honi aurre egiteko sua are gehiago hauspotu genuelarik. Aurretik genuen asteburu ederraz elikatzea besterik ez zitzaigun geratzen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide