Maiatzaren 11n Bandera Verde-Municipio Responsable saria jaso zuen Amurrioko Udalak Madrilen.
Saria Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak (FUCI) ematen du, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin lankidetzan.
Udalek ingurumenaren arloan egiten duten kudeaketa aitortzen du sariak, eta aurtengoa XII. edizioa izan da. Sariak bost modalitate ditu, eta Amurrioko Udalak horietako lautan lortu du aitortza; honako hauek dira:
-Hondakinak, garbiketa eta lorezaintza
-Ingurumenarekiko konpromisoa
-Ingurumenaren arloko heziketa eta herritarren parte-hartzea
-Energia-kontsumoa eta kutsadura
Udalerriko ingurumen-kudeaketan lan-programa bat eta etengabeko hobekuntzarako plangintza bat ezarri izana, horra hor saria lortzeko gakoa. Horregatik, bada, Amurrioko Udaleko ordezkariek esan digute eskerrak eman nahi dizkietela amurrioar guztiei ingurumenari lotutako jardueretan inplikatu eta parte hartzeagatik. Hain zuzen, haien hitzetan, "udalerriak ingurumenarekiko ahalik eta errespeturik handiena izan dezan, ezinbestekoa da administrazioak eta herritarrek bat eginda lan egitea".