Biharko, ekainak 5, jaialdia antolatu du Aresketa ikastolak. Araba Euskarazen harira prestatu duen egitarauko azken jarduera izango da. Hitzordua: herriko plazan, arratsaldeko 8etatik aurrera. Askotariko taldeek parte hartuko dute: udal-musika eskolak, Aiara dantza-taldeak, udal dantza-eskolak, Aresketa gimnasia erritmikoko taldeak, areto dantzetan eta sevillanetan dabiltzan lagunak, ikastolako ikasleak… Ikuskizuna Pedro Basterrak zuzenduko du, eta Jon Ugarriza arduratuko da eszenaratzeaz. Basterra udal musika-eskolako zuzendaria da, eta Ugarriza, berriz, udal dantza-eskolako zuzendaria. Bestalde, Amaia Larrinaga musika-irakaslea ariko da aurkezle-lanetan.
Amaitzeko, 22etatik aurrera, erromeria izango da Izargi taldearekin.
Kontuan izan, dena den, eguraldi txarra izanez gero, ikuskizuna Amurrio Antzokian egingo dela. Sarrerak ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago banatuko dira, agortu arte, eta pertsona bakoitzak bina sarrera, gehienez, eskuratu ahal izango ditu.
Bestalde, Araba Euskarazeko antolatzaileek egun horretarako egitaraua aurreratu digute, eta albisteari atxikita aurkituko duzue. Guztira, lau gune izango dira: Parkea, Plaza, Irrien Lagunak eta Gazteen Gunea. Azken bi horiek Refor ingurunean jarriko dira. Ohi bezala, askotariko jarduerez gozatu ahalko dugu: kontzertuak, herri bazkaria, haurrentzako jokoak… Deigarrienetako bat Tabarra fanfarrearen emanaldia izango da. Aspaldi desegin zen herriko fanfarre hori baina amurrioar askok gogoan dute oraindik. Kide ohiak egun horretarako propio elkartuko dira, eta kalejira egingo dute erdiguneko txokoetatik.