Aresketa ikastolak du aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko ardura. Jaia ekainaren 16an izango da, baina bitartean hamaika ekintza antolatu ditu Amurrioko ikastolak.
Apirilaren 24an, esaterako, abestiaren eta bideokliparen aurkezpena egingo dute. Grabazioaren argazkiak eta bideoa sarean daude.
Maiatzaren 4an, berriz, mendi-martxa antolatu dute, Mendiko Lagunak taldearekin lankidetzan. 15 kilometroko ibilaldia izango da. Maroñoko urtegitik abiatuta, Agiñaga herritik igaroko dira. Gero, Menerdigako atakatik gora, Goizale aterperaino joateko. Ondoren, Tologorri mendira igoko dira, eta handik behera, Lendoñogoiti zeharkatu ostean Lendoñobeitin amaituko dute ibilaldia. Argibide gehiagorako aurkezpen txukuna prestatu dute:
http://issuu.com/txurrumurru/docs/ae2013mendiibilaldia?mode=window&viewMode=doublePage
Bestalde, maiatzaren 17an, irakurketa-maratoia egingo da Juan Urrutia plazan. Eta, biharamunean, maiatzaren 18an, ikastolako komunitatearen parte izan diren eta diren ikasle, irakasle eta gurasoen bazkaria. Dena den, bi ekintza horiei buruzko xehetasun gehiago aurrerago emango dituzte, egunak hurbildu ahala. Azkenik, ekainaren 7an, Kili-Kili festibala egingo dela jakinarazi dute.