Erredakziora bidalitako prentsa-oharrean, Amurrioko Bildu koalizioak adierazi du ez dutela batzordean parte hartuko, batzorde hori deitzeko helburu bakarra dieta kobratzea dela uste dutelako.
Bilduko zinegotziek adierazi dute ez daudela ados udal-gobernuaren jokabidearekin. Haien esanetan, "batzordean aurkezten dituzten gaiak aldez aurretik lotuta eta erabakita daude, eta, ondorioz, beste udal-taldeek ez dute aukerarik haiei buruz eztabaidatzeko edo haiei lotutako ekarpenak egiteko". Hori larria dela diote, “batez ere, berdintasunaren moduko gaiez ari garela". Haien ustez, EAJko udal-gobernuak uko egin dio gainerako udal-ordezkariekin akordioak bilatzeari.
Hain zuzen, Berdintasun Batzordearen azken bilera martxoaren 6an izan zen, eta orduantxe izan zuten Udalak Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen egitarauaren berri. Bilduk salatu du egitarau horretako ekitaldiak otsailaren 23an hasi zirela, baina aurretik ez zitzaiela ezer esan: ez Berdintasun Batzordeak urtarrilaren 18an egindako bileran ez eta Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordeak iragan astean egindako bileran ere.
Horiek horrela, Bilduk esan du batzordeak ez direla soilik dietak kobratzeko, eta EAJk serio hartu beharko lukeela batzordeetan egiten den lana. Izan ere, “hamar eguneko epean bi batzorde informatibo deitu dira, baina nondik norakoak ikusita, ez dugu ulertzen zertarako deitu diren". Halaber, gaineratu dute: "bi bilera horietako buru izateagatik, EAJko zinegotzi bakoitzak 400 eurotik gora kobratuko ditu hamar egunetan, eta ez dugu uste hori moralki zilegi denik".