Korrikaren 18. edizioa izango da aurten. Ohi bezala, AEK-k hainbat ekintza antolatu ditu Korrika Kulturalaren barruan, eta Amurrion ere hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dugu.
Ikuskizunik aipagarriena igandean izango da, otsailak 24, 18:30ean. Izan ere, Amurrio Antzokian zuzenean entzun ahal izango dugu Gazta zati bat dokumentalaren soinu-banda. "Xabi Solanok eta Zigor DZ-tak dokumental horren soinu-bandarako sortutako abestiak eszenatokietara eramango dituen ikuskizun berria prestatu dute. Musika, irudiak eta zuzeneko sorkuntza nahastuko dituen egitasmo honetan bidelagun dituzte Keu Agirretxea eta Aitor Zabaleta musikariak eta Udane Juaristi margolaria. Denak elkarrekin azalduko zaizkigu oholtza gainean, gazta zati baten bidaia musikaz jantzi duten abestien doinuak proposamen zahar berriekin uztartuz. Begi-belarriei bidaia berri bat proposatuz". Horra hor egitasmoaren webgunean ikus daitekeen informazioa. Sarrerak Urduñako, Laudioko eta Amurrioko AEK-ko euskaltegietan eta Amurrioko Kultur Etxean daude salgai, 6 eurotan. Korrika laguntzaileentzat, ordea, doakoa izango da sarrera.
Bestalde, bi amurrioarrek diaporama bana emango dute: Maribel Irabienek, martxoaren 12an, 15:30ean, Hegoafrikan zehar izenburupean, eta Koldo Urkixok, biharamunean, martxoak 13, 10:00etan, Euskara eta bizikleta izenburupean. Biak izango dira Mateo Saratxaga aretoan (Katekesian).
Korrika martxoaren 20an pasako da Amurriotik, goizeko 7etan. Martxoaren 22an, berriz, Korrika Txikia delakoan parte hartuko dute herriko ikastetxeetako haurrek 15:00etatik aurrera. Egun horretan bertan, eta Korrika Kulturalaren egitaraua ixteko, Julian Iantzik hitzaldia emango du Amurrio Antzokian, 19:00etan, Euskara konkista dezagun izenburupean.
Hain zuzen, Korrikaren aurtengo edizioaren aurkezpena gaur izango da, Mateo Saratxaga aretoan (Katekesia), 19:30ean, eta orduan emango dituzte egitarauari buruzko argibide gehiago.