Herenegun egindako prentsaurrekoan udal-agintariek jakinarazi zuten aurrekontuen lehenengo zirriborroa prest dagoela eta asteotan gainerako talde politikoei aurkezten ari direla.
Azaldutakoaren arabera, diru-sarrerak murriztu egingo dira, eta ondorioz, gastuak ere jaitsi beharko dira. Agintarien hitzetan, aurrekontua oso zorrotza izango da. Helburua egun dagoenari eustea da eta eguneroko zereginei heltzea, betiere, inbertsio handirik egiterik ez dagoela ulertuta.
Hasierako planteamendua arlo guztietan % 10eko murrizketa egitea zen, baina arlo guztietan neurri bera aplikatzea ezinezkoa dela ikusi dute. Dena den, gizarte-arloko partidak, hau da, herritarrei zuzenean eragiten dietenak, bere horretan utziko dituztela argitu nahi izan dute.
Bestalde, herritarrei aurrekontuen gainean helarazi zitzaien inkestari dagokionez, balorazio positiboa egin du Udalak. Zehazki, 89 ekarpen jaso dituzte. Oro har, herritarrak pozik daude aurrekontuak planteatzeko moduarekin: kapituluen banaketarekin, egituraketarekin... Baina azpiegitura batzuetan hobekuntzak egin beharko liratekeela planteatu dute (auzoak, erabilera anitzeko estalpea...), eta gizarte arloko partidei eutsi behar zaiela eskatu.