Bildu Amurriok prentsaurrekoa eman zuen ostiralean, EAJko gobernu-taldeak azken hilabete eta erdian izan duen ibilbidearen gaineko hausnarketa egiteko.
Koalizioko ordezkariek salatu dute azken hilabetean ez direla bildu ez batzorde informatiboak ez eta osoko bilkura ere. Halaber, zera gehitu dute: iragan astelehenean Tubacex enpresan hil zen beharginaren heriotza salatzeko adierazpen instituzionalik ez dela egin, eta hori “penagarria” dela. Haien iritziz, udal-talde guztietako bozeramaleak batu eta adierazpen instituzionala egin beharko lukete, baina gobernu-taldeak ez du horrelako ekimenik bultzatzeko urratsik eman.
Bestalde, 2013rako Udal Aurrekontuei dagokienez, esan dute ez dutela ez daturik ez eta informaziorik ere jaso. Bildu prest dago gobernu-taldearekin, udal-taldeekin, teknikariekin eta Amurrioko herritarrekin lan egiteko, aurrekontuak beste modu batean lantzeko, baina, ez dute EAJren erantzunik jaso.
Osoko bilkuran hartutako erabakiei dagokienez, adierazi dute mozio guztiak ez direla berdin tratatzen, eta EAJk berak aurkeztutako ekimenei soilik ematen diela bultzada. Horren adibide, frackingaren gaineko mozioa aipatu dute. Izan ere, Amurrio frackingik gabeko herri izendatzeko mozioa onartu zen osoko bilkuran, baina kontua hor geratu da, ez atzera eta ez aurrera. Gaiak ez du aurrera egin.
Azkenik, herritarren parte-hartzea sustatzeko batzordea izan dute hizpide. Horren harira salatu dute bi urtean behin baino ez dela bildu.