Iragan berri den urtean 50. urteurrena ospatu du Mendiko Lagunak taldeak. Urte osoan zehar, hamaika jarduera antolatu dituzte: maiatzean, buzoi berria jarri zuten Burubioko tontorrean; irailean, bazkideentzako bazkaria egin zuten; bideoa grabatu dute taldeko lehendakari izandakoen testigantzekin eta abar.
Urteurrena ospatzeko programazioaren barruan, erronka bota zieten bazkideei: guztien artean Euskal Herriko mendien katalogoa osatzen duten 600 gailurretara igotzekoa, hain zuzen. Zenbakia borobiltzeko, zazpi herrialdeetako 594 mendi, gehi inguruko lurraldeetako beste sei sartu zituzten egitasmoan.
Parte-hartzaile bakoitzak, batez beste, 4 mendi igo ditu urte osoan zehar, bakarka zein taldean, eta gailurreko argazkia bidali behar izan dio mendi-taldeari. Halaber, maiatzeko azken asteburuan, Euskal Herriko 50 mendi esanguratsuenak —Gorbeia, Tologorri, Txindoki, Toloño eta Ori, kasu— zapaldu zituzten bazkideek. Hain zuzen, igoera horietako argazkiekin egindako bideoa hemen dago ikusgai.
Mendi-taldeko arduradunek bidalitako prentsa-oharrean adierazi digute parte-hartzea espero zutena baino handiagoa izan dela. Proiektuak 620 lagun inguru bildu ditu, eta herriko bestelako taldeak ere inplikatu dira, besteak beste: Amurrio Aisia Eskaut Taldea, ASASAM, Herriarenak jai koadrila, Berbalagun taldea edo Inauxako enpresa-batzordea, bai eta Laudioko Goikogane mendi-taldeko bazkide ugari ere.
Gailur bakoitza egin eta gero, parte-hartzaileek fitxa bat bidali behar izan diote mendi-taldeari. Fitxa horretan, igoerari buruzko xehetasunez gain, gailurreko argazkia ere bidali dute, eskuan urteurrenerako propio egindako bandera zutela.
Enkarterritik Bardearaino, Zuberoatik Arabako Errioxaraino, Euskal Herriko mendi guztietan izan ziren iaz Aiaraldeko mendizaleak.