Amurrioko literatur taldeak antolatuta, Korina Rovero venezuelarrak poesia-errezitaldia emango du ostiral honetan, abenduak 14, 19:00etan, Katekesi aretoan. Yrael y su Ensamble taldearen doinuek lagun, Venezuelako folklorea ezagutu ahal izango dugu; dohainik, gainera.
Errezitaldiaren aurretik, hitzaldia emango du “La décima erótica" izenburupean. Hain zuzen, hamarreko estrofa poesia-inprobisaziorako baliabide erabiliena da Venezuelan, eta Korina Roverok hari buruzko azalpenak emango ditu. Estrofa horrek balio pedagogiko handia du, haren bidez eskolako ikasgaiak lantzen baitituzte Venezuelako neska-mutilek. Rovero Musikan doktorea da, eta haur poeten eskola bat zuzentzen du.
Iaz, Venezuelako Margarita uhartean, Emakume Poeten Klubaren Topaketa izan zen. Topaketa hartan Amurrioko poeta Inma Diezek parte hartu zuen, eta han ezagutu zuen Korina Rovero. Inma Diez Amurrioko literatur taldeko kidea da, eta haren bidez antolatu ahal izan dute errezitaldia.