Amurrioko jaietako koadrilek, Gazte Asanbladak eta Aiara Dantza Taldeak antolatuta, jai-egun arrakastatsu honen 5. edizioa egingo da Matias Landaburu ikastetxe ohian.
Hamaika jarduera prestatu dituzte, eguerditik hasita. Hain zuzen, 12:30ean trikipoteoa egingo da, herriko plazatik abiatuta. Gero, 13:00ean, txupinazoa botako dute. Bazkaltzeko hitzordua 14:45ean jarrita dago, Matias Landaburun. Bide batez, bazkarirako txartelek 10 euro balio dute, eta Txokogorri eta El Rinconcito tabernetan eros daitezke abenduaren 4tik 14ra bitartean.
Bazkalostean, 16:30ean, dantza-tailerra hasiko da, Aiara Dantza Taldearen eskutik. 18:00etan, berriz, Puntazo Momentua delako ekitaldi berezia izango da. Gero, kontzertuen aurretik, 19:30ean beste poteo bat egingo da, batukadaren doinuek lagunduta.
Azkenik, eta egunari amaiera emateko, doako kontzertuak egongo dira Matias Landaburun 21:30etik aurrera. Amurrioko Five Corners eta Mandoilek taldeek, Governors-ek eta Akerbetltz-ek parte hartuko dute.
Amurrioko jaietako koadrilek 2007an antolatu zuten lehenengo Puntazo Eguna. “Jaiak herritik, herriarentzat” lemapean, Udalaren laguntzarik gabe jai herrikoi bat aurrera eramatea izan zen euren helburua. Jaialdiak uste baino arrakasta handiagoa izan zuen lehenengo edizioan eta horregatik koadrilek egitasmoari eustea eta ideia bultzatzea erabaki zuten. Urte batzuk geroago, Aiara Dantza Taldea eta Amurrioko Gazte Asanblada ere sartu ziren antolakuntza-taldean.
Urtez urte arrakasta hazi egin da, eta antolatzaileek aurten ere bide horretatik jarraitzea espero dute.