Paki Ofizialdegi (Iruñea, 1960) Artziniegako Bleibet abesbatzako kidea da. Abenduaren 5ean, Euskalduna jauregian, Händel-en Mesias obra oinarri hartuta egingo den kontzertu parte-hartzailean abestuko dute. Horren harira, bada, abesbatza gehiago ezagutu nahi izan du aiaraldea.com-ek.
Zein da Bleibet abesbatzaren historia?
2000. urtean sortu zen gure abesbatza. Hasieran, bost abeslari besterik ez ziren. Gure lehenengo zuzendariak betidanik izan zuen abesbatza bat sortzeko gogoa, eta hori dela-eta ezagun batzuk konbentzitu zituen abentura honetan parte hartzeko. Pentsa ezazue ze gogorra izan behar zuen bakoitzak ahots bat defendatzea. Akats bat eginez gero, nabarian geratuko zen. Hori bai zela konfiantza eta ausardia edukitzea.
Gaur egun, 16 gara, jadanik, 4 lagun ahots bakoitzean (sopranoak, kontraltoak,baritonoak eta baxuak) batzuetan 2 pertsona, desdobleak egiten ditugunean.
Entseguak Artziniegan egiten ditugu, baina partaideak inguruko herrietakoak dira: Artziniegakoak, Arespalditzakoak, Laudiokoak eta Arrankudiagakoak.
Guztiak afizionatuak gara, batzuok musika apur bat menperatzen dugu eta solfeoa irakurtzeko gai gara, beste batzuek ahotsa eta entzumena oso ondo garatuta dituzte. Beraz, taldea ona osatzen dugu, eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin kantatzen. Gozatzen dugula esan dezaket. Hori da gure helburu nagusia; gainera, adituek diote gure ahotsak oso ondo uztartzen direla eta primerako soinua dugula.
Hainbat musika-mota jorratzen dugu: Berpizkundeko musika, XX. mendekoa, zenbait herrialdetako musika tradizionala, egokitutako musika garaikidea... Gure emanaldietan askotariko abestiak kantatzen ditugu eta entzuleen iritziz, kontzertuak ez dira monotonoak, baizik eta disfrutatzekoak.
Zein izan da bilakaera?
Bilakaera oso naturala izan da. Gero eta partaide gehiago bildu dira abesbatzara. Urteak igaro ahala, esperientzia handiago lortuz joan gara, beraz, erronkak gero eta zailagoak dira. Baina horrek ez du esan nahi, hasieratik egiten genituen ekintzetan parte hartzen jarraitzen ez dugunik. Urtean zehar, ezkontzetan eta ospakizunetan abesten jarraitzen dugu. Era berean, Vital Kutxaren “Vital por Álava” proiektuaren barruan, kontzertuak ematenditugu urtero. Eta gure inguruan musika koralari lotutako ekintzak prestatzen direnean, horietan ere parte hartzen dugu (Euskadi Canta, Gabonetako kontzertuak, musika koraleko asteak ...). Bestalde, lagunak egin ditugunez, maiz egiten ditugu trukeak.
Dena den, gure kalitatea handituz joan denez, ekintza zailagoak egitera ausartzen ari gara eta hortxe dago, hain zuzen, gure egungo erronka. Taldeko zuzendariak, Jorge Sebalek, estutu egiten gaitu, eta gero eta lan zailagoa egiten ari gara: ahots gehiago , partitura konplikatuagoak, obra luzeagoak...
Zenbat emanaldi eman dituzue orain arte, eta zeintzuk izan dira aipagarrienak?
Hamabi urtetan egin duguna zerrendatzea oso zaila da. Kopururik ezin dizut eman. Aipagarrienak? Gure herrietan eman genituen lehenego kontzertuak, helburu berezi batekin egin ditugun emanaldiak (Haitirekiko elkartasun-kontzertua; Florida parkeko Gabonetako jaiotzaren irekiera Gasteizen; Artziniega Museoa antzinako partitura-liburu bat aurkeztu zenean egindako emanaldia; Bilboko txotxongilo jaialdiaren irekiera...). Kanpora joan garenean, (Extremadura, Italia...) beste abesbatza eta artista batzuekin batera egindako lanak aipatuko nituzke (Gabonetako antzerkia, operako abestiak, Händelen Mesias, Don Giovanni opera...), bai eta Erdi Aroko azokak ere.
Euskalduna Jauregian abestuko duzue, nola lortu duzue aukera hori, eta nola hartu duzue erronka?
Euskalduna Jauregian abenduaren 5ean, arratsaldeko 8etan Händel konpositorearen “Mesias” oratorioaren emanaldian parte hartuko dugu. Harro sentitzen gara jauregi berezi horretan kantatzeko aukera izateagatik. Parte hartuko duten abesbatza gehienak Bizkaikoak diren arren, Aiaraldea mugan dagoenez emanaldi horretan parte hartzeko aukera paregabea eman digute.
Iaz ere mota horretako ekintza batean parte hartu genuen Gasteizko Principal antzokian. La Caixak antolatzen du, eta kontzertu parte-hartzailea deritzo proiektuari. Afizionatuei konpositore klasikoen obra osoa eta orkestra batekin kantatzeko aukera ematea da kontzertu horien filosofia.
Kontzertu horren ostean zer egin nahi duzue?
Gustatuko litzaiguke beste lan batzuetan oinarritutako kontzertu parte-hartzaile gehiagotan parte hartzea. Ziur nago, proposatuz gero, baiezkoa emango genukeela.
Compañía Lírica de Milanok aurkeztu zuen Don Giovanni operan parte hartu genuen eta ez dugu itxaropena galtzen haiekin lan gehiago egiteko. Gure aldetik, berriz, “requiem” bat prestatzen ari gara, Santa Cecilia kontzertua, Gabonetako emanaldiak, beste tour bat Italiatik... eta, epe luzera, Frantziara eta Yorkera joateko planak egiten ari gara.