Egindako azken prentsaurrekoan, Amurrioko alkate Josune Irabienek adierazi du San Jose auzoko argiteria berrituko dutela. Auzokideak aspalditik ari ziren eskatzen argiztapena hobetu beharra zegoela, eta hartutako erabakiarekin, beraz, eskaera horri erantzungo zaio.
Proiektua Electricidad Albizua enpresari esleitu zaio, 40.844 eurotan. Udalak kontsumoa gutxitzeko hartua duen konpromisoaren harira, potentzia txikiko sodiozko argiak jarriko dituzte.
Halaber, alkateak gaineratu du auzoko elizaren parean dagoen aparkalekuan ere hobekuntzak egingo direla. Irisgarritasun-baldintzak hobetu eta aparkalekua bera txukundu nahi dute. Lan horiek gauzatzeko 80.000 euro inguru baliatuko dituzte, eta urtea amaitu aurretik bukatzea espero dute.