Maskoten jabeek egindako eskaerei erantzunez, Amurrioko Udalak txakurrentzako aisialdi guneen kopurua handitu duela jakinarazi du. Udalaren esanetan, toki hauetan ibil daitezke txakurrak aske, 24 orduz:
- Nerbioiko ibaiertzean, Ituarte fabrika zegoen orubean dagoen urbanizazioan
- Nerbioiko ibaiertzean: Maskuribai poligonoan, Hormecal lantegiaren parean
- Mendigorrin (“Monte de los Ahorcados”)
- Gernikako Arbola kaleko parkean
- San Roke ermitaren ondoan dagoen aparkalekuan
- Abiagabarri urbanizazioan, Nerbioiko ibaiertzean dagoen berdegunean
Beste toki batzuetan ere lotu gabe ibil daitezke txakurrak, baina ordutegi mugatuan: zehazki, udazkenean eta neguan 19:00etatik 11:00etara, eta udaberrian eta udan 20:00etatik 11:00etara. Hauek dira tokiok:
- Iritxusi plaza, tren-geltokiaren parean.
- Aiara etorbidearen atzealdeko parkea
- Landaburu kaleko 19 eta 29 zenbakietako babes ofizialeko etxebizitzetako aparkalekuaren ondoan dagoen berdegunea.
Maskotentzako aisialdi gune horiek behar bezala seinaleztatu daude, eta horietatik kanpo lotuta eraman behar dira animaliak.
Edonola ere, txakurrak eremu horietan aske ibil badaitezke ere, Animaliak Edukitzea eta Babestea Arautzen duen Udal Ordenantzan jasotakoa bete behar dute jabeek. Besteak beste, beraz, gorotzak jaso beharko dituzte, eta egin ezean, dagokion isuna jarri ahal izango zaie.
Dena den, arraza arriskutsuetako txakurrak ezin izango dira aske ibili aipatutako toki horietan; beti eraman behar dira lotuta.
Halaber, ezin da txakurrik eraman zerbitzu publikoa ematen duten eraikinetara edo erabilera publikoko eraikinetara, ez eta ikuskizun publikoetara ere.
Hain zuzen, arriskutsuak izan daitezkeen animalien harira, zera erabaki du Udalak: horiek edukitzeko lizentzia eskuratu ahal izateko, Udaleko Talde Psikosozialaren onespena beharko dela, interesdunak horretarako gaitasun fisikoa eta psikologikoa dutela ziurtatuz. Era berean, eskatzaileek ezin dute salaketarik edo bestelako egintza judizial edo administratiborik izan euren espedienteetan.