Gazteak eraso sexista eta diskriminatzaileen gainean sentikortzeko zenbait jarduera eramango ditu aurrera Laudioko Udalak hurrengo hilabeteetan. “Beldur barik” film laburren lehiaketa, hain zuzen, horietako bat da. Eskualdeko gazteei zuzenduta dago; zehazki, 14 eta 26 urte artekoek parte hartu ahal izango dute, eta jokabide sexisten gaia jorratu beharko dute. Iaz 250 lan aurkeztu ziren, eta aurten kopuru hori gainditzea espero du Udalak.
Gidoia idatzi eta errodatzen laguntzeko, berriz, film laburrak egiteko ikastaroa antolatu du urriaren 6an eta 7an. Matrikularen prezioa 5 euro izango da. Izena emateko Laudioko eta Amurrioko udaletako berdintasun sailetara jo beharko da, eta epea irailaren 21ean amaituko da. Kontuan hartu, gainera, ikastaroan parte hartu dezaketen lagunen kopurua mugatua dela. Informazio gehiago www.bedurbarik.org webgunean.