Herriko jaiak ate-joka ditugu, eta Jai Herrikoien aldeko Batzordeak bere programa aurkeztu du.
Amurrioko zenbait elkartek eta taldek (txosnak eta koadrilak barne) osatzen dute Batzordea, eta helburua da parte-hartzea eta herri-jarduerak ardatz dituen jai-egitaraua eskaintzea. Azken batean, herritik eta herriarentzat sortutako jaiak bultzatzea. Urte ugari daramate beste jai-eredu bat aldarrikatzen da, eta herri-egitarauak arrakasta handia du amurrioarren artean.
Dena den, hedabideetara bidali duten prentsa-oharrean argi utzi nahi izan dute haien asmoa dela jai-egitarau bakarra egitea, "herritar guztiontzat eta inor kanpoan utziko ez duen herri-egitaraua". Aurten ere saiatu dira, eta bilera ugari egin dituzte Udalarekin, baina “zoritzarrez, ezinezkoa izan da”. Haien esanetan, "udal arduradunek euren irizpideak inposatu dituzte" eta “Jai Batzordea diru-laguntzen azoka bihurtu da”.
Udalaren jarrera ikusita, beraz, jai-egitarau propioa eta autofinantzatua prestatu dute. Hogeita hamar jarduera baino gehiago eskainiko dituzte, besteak beste: paella txapelketa, dantzak, pilota-txapelketa, bertsolariak, kontzertuak, argazki-erakusketa, futbito-partidak, txarangak, parrilladak eta abar. Hain zuzen, jarduera horiek guztiak antolatzen lagundu dieten guztiei eskerrak eman dizkiete prentsa oharrean: herriko elkarteei, koadrilei, txosnei, tabernei eta norbanako ugariri.
Herri-egitarau osoa kontsulta dezakezue atxikita dagoen dokumentuan eta aiaraldea.com-eko agendan.