Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira eta Amurrioko Literatur Taldeak eta Udaleko Kultur Arloak antolatuta, Literatur Topaketaren III. edizioa egingo da apirilaren 20an, 19etan, Kultur Etxean.
Ekimen horren baitan, amurrioarrek euren testurik gogokoenak bidali behar dituzte literaturatopaketa@gmail.com helbidera, edo bestela Kultur Etxean jarri den postontzian utzi. Antolatzaileek esandakoaren arabera, edozein motatako testua izan daiteke: poema kuttun bat, bereziki hunkitzen edo gustatzen zaigun eleberri edo antzerki-lan bateko zati bat, film bateko elkarrizketa bat... Jakinez gero, testua nork idatzi duen aipatzea komeni dela adierazi dute. Halaber, bidaltzaileak bere izena eman nahi duen ala ez erabaki ahalko du, eta nahi izanez gero, testua zergatik aukeratu duen azal dezake. Testua euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntza batean idatzita egon daiteke.
Apirilaren 20an, beraz, jasotako testu guztiak irakurriko dira. Bidaltzaileak berak irakur dezake, baina lotsa ematen badio rapsoda batek irakurriko du. Topaketan parte hartzea dohainik da, eta nahi duen oro gerturatu daiteke Kultur Etxeko ekitaldira.