San Rokeko Santa Maria de Olarri auzo-elkarteko kideek adierazi dute neka-neka eginda daudela Tubos Reunidos enpresak sorrarazten dizkien arazoekin. Arazo horiek atmosferako isuriei eta zaratei lotuta daude.
Arazoa ez da berria, baina kontua da iazko martxotik hona larriagotu egin dela. Izan ere, ziklogenesiagatik, fabrikaren atzean zegoen pinudia bota behar izan zuten; pinudi horrek horma-babes gisa jokatzen zuen, eta sortutako zarata nola edo hala murrizteko balio zuen.
Atmosferako isuriak eta zarata neurtzeko zundaketak egin dituzte, baina auzokideak ez daude ados emaitzekin. Izan ere, neurketa batzuk abuztuan egin zituzten, hau da, fabrikak jarduerarik txikiena duen garaian. Bestalde, iragan otsailean berriro neurtu zituzten isuriak, eta ezarritako mailatik gorakoak zirela ondorioztatu zen. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera, Tubos Reunidos enpresak eskubidea du maila horiek gainditzeko urtean 35 aldiz. Dena den, argitu gabe dago zenbatetan gainditu ote duten muga.
Zarata-neurketei dagokienez, azkenak urriaren 28an egin ziren, eta aztertutako etxebizitzetako batean legez ezarritako gehienezko maila gainditu zen. Auzokideek salatu dute zaratak ez diela lo egiten uzten, eta buruko mina eta antsietatea eragiten dizkiela.
Auzo-elkarteak Amurrioko Udalera eta Eusko Jaurlaritzara jo du, babes bila, eta Tubos Reunidosek neurriak har ditzan espero du. Berriki pabilioi bat eraiki du enpresak, San Roke auzotik gertuen dagoen gunea akustikoki isolatzeko.