Hilobiko isiltasuna

Eskandinavia osoan hain gustuko duten genero beltza Islandian ere maisuki lantzen dela frogatzen du gaur aurkeztu nahi dizuedan liburuak. Literatura beltzaren zale bazarete, ezagutuko dituzue, ziurrenik, Suediako hainbat inspektore: Wallander, Blomvist, Ana Maria Mella... Indridason-en liburuen protagonista Erlendur da, eta aitortu behar dizuet nire inspektore kutunenen zerrendan sartu dudala dagoeneko. Zergatik?

Eskandinavia osoan hain gustuko duten genero beltza Islandian ere maisuki lantzen dela frogatzen du gaur aurkeztu nahi dizuedan liburuak. Literatura beltzaren zale bazarete, ezagutuko dituzue, ziurrenik, Suediako hainbat inspektore: Wallander, Blomvist, Ana Maria Mella... Indridason-en liburuen protagonista Erlendur da, eta aitortu behar dizuet nire inspektore kutunenen zerrendan sartu dudala dagoeneko. Zergatik? Ba bizitzan zorte handirik izan ez dutenen alde egiteko joera dudalako, fundamentu gehiegirik gabeko pertsonaiak atsegin ditudalako, eta, ze demontre, euren lana oso ondo egiten badute ere, desastre samarrak diren gizagaixoak maite ditudalako. Horrelakoxea da Wallander, Henning Mankell idazle suediarraren inspektore mitikoa, eta horrelakoxea da Erlendur ere. Polizia bizkorra, zuhurra, baina, aldi berean, bere bizitza kontrolatzeko gai ez dena.

Islandiako negua bezain iluna da eleberri hau. Hemen ez dago ez sumendirik, ez ur-jauzi ikusgarririk, ez geyserrik, ez eta paisaia bukolikorik ere. Liburuan agertzen zaigun Islandia gupidagabea da, bortitza. Reykjavik-eko auzo ilunenetan barna ere eramaten gaitu autoreak: droga, delinkuentzia... baina, batez ere, indarkeria, emakumeen aurkako indarkeria.

Kontua da Reykjavik inguruko urbanizazio batean giza hezur bat agertu dela, eta Erlendur eta bere lankideak hezur horren atzean ezkutatzen dena ikertzen hasiko direla. Orduan, etxeko indarkeriari lotutako istorio ezin mingarriago bat azaleratu da. Gertaera horiek Bigarren Mundu Gerraren garaian gertatu ziren, baina indarkeria hori gaur egun bizi-bizirik dagoela ikusiko du Erlendurrek. Zaharrak berri, tamalez.

“Lotsa sentitzen duzu horrelako gizon baten biktima izateaz, eta erabateko bakardadean desagertzen zara eta inori ez diozu sartzen uzten zure munduan, seme-alabei ere ez, ez duzulako nahi inork horrelako mundu bat ikus dezan, eta eurek inork baino gutxiago. Eta hortxe geratzen zara, hurrengo jipoiaren zain, eta azkenean heltzen da, berriz ere amorruz beteta honengatik edo besteagatik, sekula ez dakizu zergatik, eta bizitza osoa pasatzen duzu hurrengo erasoaren zain, noiz etorriko den, nolakoa izango den, zein izango den arrazoia, nola egin diezaiokezun aurre. Zenbat eta ahalegin handiagoa egin bera pozik egoteko, higuin handiagoa sentitzen dut. Zenbat eta otzanago eta ikaratuago egon, gehiago gorroto nau. Eta aurre egiten badiot, akabatu arte astintzen nau. Ez dago modurik gauzak zuzen egiteko. Ez dago modurik. Eta azkenean, pentsatzen duzun bakarra da bukatu dadila guztia. Berdin dio nola, baina bukatu dadila".

Azkenaldian nobela batean irakurri ditudan hitz gogorrenetako batzuk dira horiek. Amorrua, lotsa, porrota... asko dira emakume horren hitzetan pilatzen diren sentipenak.

“Hilobiaren isiltasuna” Erlendur inspektorea protagonista duen trilogia bateko bigarren liburua omen da. Sari ugari jaso ditu bai Europan bai eta Estatu Batuetan ere, eta autorea, Arnaldur Indridason, ospetsu bilakatu da hari esker. Aukera polita dugu, beraz, azken urteetako nobela beltz onenetako bat euskaraz irakurtzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide