Aste honetan kirol-proposamen bat egingo dizuegu. Amurrioko Herri Miliaren V. edizioa egingo da larunbatean, eta horren barruan emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarrikapena egiteko herri-lasterketa antolatu du Oinkariak atletismo-taldeak. Herri-lasterketan edozeinek parte hartu dezake, gazte zein heldu, emakume zein gizon. Arratsaldeko bost eta erdietan abiatuko da, Frontoi kaletik, eta parte-hartzaileek 3 km egin beharko dituzte, korrika, oinez edo patinekin. Dohainik da, eta herri-izaera duenez, ez da saririk emango. Dena den, parte-hartzaile orok jasoko du oparitxoa eta freskagarria.
Bestalde, lehiatu nahi duten korrikalarientzako lasterketa ere izango da. Milia bat egin beharko dute, hots, 1.609 metro. Gizonak 18:10ean abiatuko dira, eta emakumeak 18:20an. Lasterketa horretan, bai, garaikurrak eta diru-sariak banatuko zaizkie lehenengo hiru sailkatuei eta Amurrioko lehenengo korrikalariari.
Aldez aurretik izena emateko www.atletismo-oinkariak.com helbidean sartu behar da. Bestela, lasterketa egunean bertan ere eman daiteke izena, lasterketa bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago.
Animatu, beraz, eta astindu hankak, berdintasunaren aldeko lasterketan denok dugu eta zer irabazi.