LOLI GARCIA (Amurrio, 1956). Txokogorri elkarteak 25 urte bete ditu. Horren harira, hainbat jarduera antolatu ziren duela bizpahiru aste. Besteak beste, elkartearen sorrerari buruzko hitzaldia eman zuten Lolik berak eta beste zenbait kidek. Aiaraldea.com-ek ere Lolirekin hitz egin du, eta proiektuaren sorrerari eta bilakaera buruzko hainbat argibide eman dizkigu.
Zer dela-eta sortu zen Txokogorri elkartea?
Gaur egun Herriko Taberna dagoen tokian txosna bat jarri genuen 1985ean, herriko jaietan. Uztailaren 18an 9 lagun atxilotu zituzten, eta atxiloketa horiek eragin zitzaketen gastuei aurre egiteko dirua atera nahi genuen.
Bestalde, elkartzeko, hitz egiteko... lokal bat behar genuen. Orduantxe lonja hori erosteko aukera sortu zen, eta aprobetxatu egin genuen. Obrei 1986.urtearen hasieran ekin zitzaien, eta apirilerako taberna ireki ahal izan genuen. Garai hartan proiektu asko genituen, gauza berriak egiteko gogo handia.
Hasieran, nola funtzionatzen zuen?
Barran lan egiteko liberatu bat zegoen, eta bi lagunek astebeteko txandak egiten zituzten. Ni neu ere hainbat txanda egindakoa naiz. Gero, 1990an, bigarren liberatu bat sartu genuen. Langileen kontu honen harira, pertsona batek egindako lana nabarmendu nahiko nuke: Karmele Puertasen lana, hain zuzen. Elkartean egon da hasiera-hasieratik, eta 25 urte igarota, gurekin jarraitzen du, goizero-goizero pintxoak prestatzen. Ezin ahaztu, bide batez, haren senarra.
Zuk zeuk zer nolako lotura edo harremana izan duzu elkartearekin?
Hastapenetako asanbladetan parte hartu nuen. Lokala txukuntzen lagundu nuen eta, gero, 1988 eta 1991 urteen artean Herriko Tabernan ibili nintzen, lanean. Soldatapeko lana baino gehiago izan da, militantzia kontua da. Hamaika herri-bazkari prestatzen ere lagundu dut, eta jarraitzen dut.
Zer da zuretzat Txokogorri elkartea?
Espazio irekia da, topagunea. Gainera, Amurrioko Herriko Tabernan ideologia askotako jendea sartzen da, ez bakarrik ezker abertzalearen jarraitzaileak. Nire ustez, zerbait ondo egin dugun seinalea da hori.
Ba al duzu oroitzapen mingotsik?
Ez nuke esango oroitzapen mingotsa denik, baina aitortu behar dut hasierako urteetan txanda asko egin behar izan nituela, eta apur bat agobiatu nintzela.
Dena den, oroitzapenik txarrena, zalantza barik, Ertzaintza herriko tabernan sartu zenekoa da. Uste dut 2006an izan zela. Oso une gogorrak bizi izan genituen.
Eta zein da oroitzapenik goxoena?
Herriko Taberna martxan jarri genuen unea. Ilusio handia zegoen; gogor lan egin genuen, eta ahaleginak merezi izan du.
25 urte igarota, zer nolako balorazioa egiten duzu?
Balorazioa oso ona da. Herriko Taberna erreferentzia bilakatu da. Pena ematen dit beste herri batera joan eta han horrelakorik ez dutela edo itxi dietela ikusteak. Izan ere, herriko taberna asko “interbenituta” daude; gurea, momentuz, salbatu da.
Proiektuak arrakasta izan du: Amurrioko Herriko Taberna ona da, eta hobetzen ahaleginduko gara.