Amurrioko Udalak datorren astean erabakiko du Kuadrillak kudeatzen duen zabor-partzuergoan sartuko den ala ez. Dirudienez, orain arteko oztopo guztiak gaindituta daude, eta otsailetik aurrera, beraz, Kuadrilla arduratuko da Amurrion sortzen diren zaborrak biltzeaz. Halaxe uste du, behintzat, jarduneko alkate Javier Bitorikak.
Behin partzuergoan sartuta, “edukiontziak aldatu beharko direla" esan du Bitorikak. Egungoak oso egoera txarrean daude eta aspalditik ez dira aldatu. Edukiontzi berrien % 10 minusbaliotasun fisikoa duten pertsonentzako egokituko dira. Bestalde, bilketen maiztasuna hobetu beharko dela azpimarratu du Bitorikak.
Amurriok Kuadrillari egin dion zerbitzu-eskaeran honako hauek sartu ditu: olioen, arrandegietako hondarren, pilen, hondakin handien, nekazaritzako plastikoen eta ibilgailuen bilketa eta lur azpiko edukiontzien kudeaketa.
Aiara eskualdeko udalek 1996ko abenduaren 1az geroztik erabaki zuten zaborren bilketa bateratua egitea eta zerbitzu horren kudeaketa Kuadrillaren esku uztea. Amurriok ez zuen erabaki horrekin bat egin.