Langosta baten inguruan

Gaur irakurgai vintage bat proposatuko dizuet. Objektu retroei darien xarma bera du liburu honek, baina bertan adierazitako kontu askok ez dute gaurkotasunik galdu. Telesforo Monzonek 50eko eta 60ko hamarkadetan zehar, Donibane Lohizunen erbesteratuta zegoela, idatzitako artikuluen bilduma da liburua. Artikuluok Koldo Eizagirre idazleak hautatu ditu, eta Monzoni buruzko hitzaurrea ere idatzi du.

Gaur irakurgai vintage bat proposatuko dizuet. Objektu retroei darien xarma bera du liburu honek, baina bertan adierazitako kontu askok ez dute gaurkotasunik galdu. Telesforo Monzonek 50eko eta 60ko hamarkadetan zehar, Donibane Lohizunen erbesteratuta zegoela, idatzitako artikuluen bilduma da liburua. Artikuluok Koldo Eizagirre idazleak hautatu ditu, eta Monzoni buruzko hitzaurrea ere idatzi du.

Telesforo Monzon, zalantza izpirik gabe, XX. mendeko euskal pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa da: abertzaletasunaren eta euskalgintzaren sinboloa. Hasteko, politikari gisa egindako lana aipatu behar da. Euzko Alderdi Jeltzalean sarturik, Espainiako Gorteetako diputatua izan zen II. Errepublikaren garaian; ordurako hizlari bikaina zela erakutsia zuen. Izan ere, Monzon izan zen, ziurrenik, mitin politikoak oso-osorik euskaraz eman zituen lehendabiziko politikari garrantzitsua. 1936ko gerran, Eusko Jaurlaritza sortu berrian, Gobernazioko ministro izendatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak. Funtsezko lana egin zuen Eusko Gudarostea sortzen eta hornitzen eta orduko Ertzaintza antolatzen.

Gerra galduta, ostera, erbesteratu behar izan zuen. Donibane Lohizunen hartu zuen bizilekua,"Mende Berri" etxean. Jose Antonio Agirre 1960an hil zen, eta alderdiak ondoren hartu zuen norabidea ikusita, EAJtik urruntzen joan zen, ideia asko zaharkituta geratzen ari zirela ikusita. Hala, bada, Iparraldera iristen ari ziren errefuxiatuen belaunaldi berriekin bat egin zuen, eta haiei laguntzeko "Anai Artea" elkartea sortu zuen.

1977an Hegoaldera itzultzeko baimena eman zioten, eta urte horretan antolatutako Askatasunaren Ibilaldi mitiko hartan parte-hartze nabarmena izan zuen. Geroxeago Herri Batasunako sortzaileetako bat izan zen, eta koalizioaren diputatu Madrilen. 1981ean hil zen, Baionan, baina bizitzako azken aldian espetxea ere ezagutu zuen. Ikusten duzuenez, Monzonen bilakaera politikoan gorpuzten da herri honen azken mendeko historia guztia.

Politikaria ez ezik, kultura-gizon handia izan da Monzon. Gurasoen kasetetan entzuten genituen abesti askoren egilea da, Pantxoa eta Peioren ahotsen bidez gure gogoan txertatu diren hainbat doinurena: Lepoan hartu eta segi aurrera, Itziarren semea, Batasuna, Txikiaren omenezko kanta ezin ederragoa... Euskal kantutegiaren funtsezko pieza bilakatu dira horiek guztiak, geure oroimen kolektiboaren parte.

Halaber, Donibane Lohizuneko erbestealdian antzerkigintza ere landu zuen. Hainbat antzerki-obra idatzi zuen, eta haren lana funtsezkoa izan zen euskal antzerkiaren sugarra bizirik mantentzeko gerraosteko urte ilunetan.

Prosagile gisa, ordea, aski ezezaguna da Monzon, politikagintzan, antzerkigintzan eta olerkigintzan izandako oihartzunak beste alderdi hori estali duelako, agian. Horrexegatik komeni da artikulu-bilduma hau irakurtzea, Monzonek prosaz ere ezin hobeto idazten duela ikusteko. Estilo fina du, dotorea, baina inolaz ere bihurria edo barrokoa. Gainera jorratzen dituen gaiak ezin interesgarriagoak dira: Iparraldeko paisaia bukolikoek eragiten dizkioten sentimenduekin hasi eta orduko egoera politikoaren analisi zorrotzetaraino. Gainera liburu honetan bildutako artikuluak sinbolo eta metafora ederrez josita daude, eta ez dira gutxi irakurleak aurkituko dituen bitxikeriak. Besteak beste, Francoren udako etxean, azkenaldian guztion ahotan dagoen Aieteko jauregian zeuden altzariak Monzonen Bergarako dorretxetik ostuak zirela jakin ahalko dugu.

Baina artikulu hauek irakurri eta gero, Koldo Eizagirrek berak hitzaurrean adierazten duena nabarmenduko nuke: ikusten dela, bai, Telesforo ez zela Lapurdin atzerritar sentitzen, hau da, EAJko nazionalista zaharrentzat ez bezala, Iparraldea berarentzat ez zela erbestea, baizik eta bere aberriaren beste zati bat. Horrek, bada, "goiz edo berant, urrundu egin behar zuen frantsesez ikasteko ere gauza ez ziren jelkide zaharkitu, gure Iparraldean errotu gabe Francoren baimenaren zain bizi zirenetarik, eta hemendik hara ihesi zihoazen belaunaldi berriekin hitz egitera eta biltzera”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide