Gabon-egunetako otorduak prestatzeko produktu ugari aurkitu ahalko ditugu abenduaren 23an, ostirala, Juan Urrutia plazan egingo den Gabonetako Azokan. Amurrioko Udalak antolatuta, goizeko 10etatik aurrera egongo da irekita, eta, herritarrek askotariko jakiak erosi eta dastatzeko aukera izango dute. Baserriko produktuez gain (gazta, eztia, barazkiak, ogia, euskal pastela, marmelada eta abar), beste gutizia berezixeago batzuk aurkituko ditugu, hala nola: kontserbak, bakailaoa, ahatekia eta pateak, turroiak...
Halaber, artisautzako zenbait postu egongo dira, azken orduko opariren bat erosi nahi duenarentzat: zeramika, beira, zurgintza, bitxigintza eta abar. Herriko lore-dendek ere pazko loreak jarriko dituzte salgai.
Gobernuz kanpoko erakundeek ere euren txokoa izango dute, bidezko merkataritzaren aldeko elkarteak eta Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarraren lagunen elkarteak postu bana jarriko dute-eta.
Bestalde, urte-sasoi honetan kontsumismoak gora egiten duela jakitun, Etxaurren ikastolako gurasoen elkarteak “Gabon ekologikoak" deritzon idatzia argitaratu du bere blogean. Idatzi horretan, bada, arduraz kontsumitzeko, etxeak apaintzerako orduan irizpide ekologikoa zaintzeko eta jostailuak erostean zenbait alderdi kontuan hartzeko gogoetak bildu dituzte, egunotan denak balio ez duela lau haizetara zabaltzeko.