“Gaztetxera bidean” programarekin jarraituz eta Euskararen Eguna ate-joka dugula aprobetxatuz, Amurrioko Gazte Asanbladak Ez Dok Amairu taldeari buruzko hitzaldia antolatu du biharko. Hitzordua, arratsaldeko zazpietan Kultur Etxean.
Hitzaldia talde horretako kide izan zen Joxemari Iriondok emango du. Taldearen sorreraren inguruan hitz egingo du, eta hainbat bitxikeria aipatuko ditu.
Joxemari Iriondo oso ezaguna da Euskal Herri osoan. Askok EITBko hamaika saiotako aurkezle izan delako ezagutuko duzue. EITB beraren sortzaile izan zen, Loiola Irratiko esatari ibili zen urte luzez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa berreskuratu zuen Frankismoaren ostean... Euskal kulturaren arlo asko jorratu ditu.
Ez Dok Amairu, berriz, talde erreferentziala da gure herriko historia eta kultura ulertzeko, haren lana funtsezkoa izan baitzen euskara eta euskal kultura suspertu eta biziberritzeko. 1965 eta 1972 bitartean jardun zuen kultura mugimendu abangoardista izan zen, lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barruan sortua. Hainbat artistek osatu zuten; abeslariek eta idazleek nagusiki (Benito Lertxundi, Jexux Artze, Jorge Oteiza, Jose Angel Irigarai, Jose Anton Artze, Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Nestor Basterretxea, Xabier Lete, Joxemari Iriondo bera...).
Hitzaldi hau Euskararen Egunen aurtengo edizioaren barruan antolatu diren ekintzetako bat da. Egitarau osoa kontsultatu dezakezue ezkerrean erantsitako dokumentuan.