Udal Gobernuak urratsak eman nahi ditu aurrekontuetan herritarrek ere parte har dezaten bultzatzeko. Ildo horretan, bada, auzo asanbladetan jasotako ekarpenak hurrengo urteko aurrekontuetan nola jaso eztabaidatzeko bitartekoak jarriko ditu Udalak.
Erredakziora bidalitako prentsa-oharrean, Bilduko Udal Gobernuak adierazi du asteak daramatzatela aurrekontuen egitasmoa prestatzeko lan egiten. Udal-ordezkarien esanetan "aurrekontuek duten garrantzia kontuan hartuta arduraz eta zorroztasunez aritu behar gara. Laudiok dituen behar eta arazoei modurik eraginkorrenean erantzuteko, aurrekontu egitasmo borobilena aurkeztu nahi dugu eta horretarako beharrezkoa den denbora hartuko dugu".
Bide horretan, Bilduren Udal Gobernuak bere lehenengo aurrekontuetan herritarren parte-hartzeari lotuta urrats batzuk bultzatu nahi ditu. Parte-hartzearekiko konpromiso eta borondate argiak dituztela azpimarratu dute, eta haiena bide luzeko apustua denez "lehenengo urte honetan gutxienekoak izango diren urratsak planteatzen" dituztela zehaztu dute, eta “urtez urte parte hartzeko aukerak zabaldu eta bitartekoak hobetuko" dituztela.
Hala, bada, azaroaren 21a eta abenduaren 13a bitarte deitutako auzo asanbladak erabili nahi dituzte herritarrek aurrekontuen egitasmoa osatzen lagun diezaieten. Herritarren parte-hartzea ezinbesteko tresna dela iritzita, Udal Gobernuak honako konpromisoa hartu du: "auzo batzar hauetan herritarrek egiten dituzten ekarpen guztiak bildu eta auzoz lehentasunak identifikatzeko ariketa bat egingo dugu, aurrekontuen egitasmoa prestatzeko lanekin lotuz. Gero, bildutako ekarpenek eta identifikatutako lehentasunek aurrekontuetan izan dezaketen kokapenaz balorazioa konpartitzeko bitartekoak jarriko ditu Udal Gobernu honek".
Horregatik, dei berezia egin nahi die Udalak herritar guztiei, auzoz auzo egingo diren batzarretan parte har dezaten.