Ekimen horren barruan, hurrengo astean zehar, haur gazte eta helduentzako euskarazko liburuen erakusketa egongo da Amurrioko Haur Liburutegian.
Egitaraua, dena den, ez da erakusketa horretara mugatzen. Esaterako, ipuin-kontalariak ere izango ditugu. Azaroaren 21ean, astelehena, 17:30ean, Lur Korta arituko da 3 eta 5 urte bitarteko haurrekin. Biharamunean, azaroaren 22an, berriz, Raimundo Buenok jardungo du 6 urtetik aurrerako haurrekin, 18:00etan hasita. Bi horiek eskolatik kanpoko ekintzak izango dira, eta ez dira ikastetxeetatik bideratuko.
Izan ere, gainerako jarduerak eskola-orduetan zehar egingo dira. Azaroaren 22an bertan, esaterako, Oihana Etxegibel Aranak gidatuta, 5 eta 6 urte bitarteko eskola-haurrek bisita gidatua egingo dute liburutegian zehar.
Beste ekintza aipagarri bat idazleekin izango dituzten topaketak izango dira. Aldez aurretik ikasleek Fernando Morilloren eta Aitor Aranaren liburuak irakurri dituzte, Markes panpinak, trapuzko amets eta Santutxuko mamuak, hurrenez hurren, eta autoreekin hitz egiteko aukera izango dute. Morillorekin azaroaren 21ean, eta Aranarekin azaroaren 23an. Topaketa horiek, esan bezala, eskola-orduetan izango dira.
Bestalde, 8 urteko haurrek ilustrazio tailerra egin ahal izango dute Izaskun Etxebarria eta Eva Isasi Arte Eskolako irakasleekin.
Halaber, aipatutako liburuez gain, Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailen arteko haurrek egindako horma-irudiak era ikusgai egongo dira liburutegian. Horma-irudirik onenak, gainera, saria jasoko du azaroaren 25ean (ostirala) arratsaldeko 18:00etan egingo den ekitaldian.
Azkenik, eta Euskal Liburuen Aretoaren aurtengo edizioa ixteko, Hiru mosketariak filma emango dute Antzokian azaroaren 27an (larunbata) 17:30ean.