Gizon Sareak, Euskal Herriko gizon taldeen sareak, gizonezkoen parte-hartze aktiboa bilatzen du berdintasunaren aldeko konpromisoan eta haren beharraz sentsibilizatzen du. Sorreratik ekintza ugari bultzatu ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
Urtero, azaroaren 25aren bueltan (horixe baita Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna) sentsibilizazio eta kontzientziaziorako kale ekintza bat antolatzen du, herritarrei eta, bereziki, gizonezkoei zuzenduta.
Aurten Laudion egingo dute ekintza hori. Batetik, Besarkadak 2011 deritzon ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute 12:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Ondoren, 12:30ean, kale ekintza antolatu dute, Biok Laudioko gizon taldearen laguntzaz, Herriko plazan.
Besarkadak 2011 bideoaren bidez Gizon Sareak aukera eman nahi izan dio euskal jendarteari genero indarkeriaren aurrean keinua egin dezan. Keinuak, baina, maitasunezkoa behar zuen izan: bostekoa ematea, besarkada, musua...
Grabaketa horietan gizon ezezagunak eta ezagunak agertzen dira, hainbat erlijio, kultura, kolore, adin eta jatorritakoak. Keinu horiek denak bideotxo batean grabatu dituzte eta hori da, hain zuzen, Laudion erakutsiko dutena. Helburua: ohartzea indarkeriaren ordez bestelako errealitatea sor eta eraiki dezakegula elkarrekin.