Punta-puntako euskarazko antzerkia ikusteko aukera izango dugu igande honetan, azaroak 20. Hitzordua Amurrio Antzokian arratsaldeko zazpi eta erdietan.
Obra “Errautsak" deitzen da, eta gidoia Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek idatzi dute. Hegoaldeko eta iparraldeko konpainiek ekoitzi dute, elkarlanean, eta mugaren bi aldeetako antzezleak ikusiko ditugu taula gainean. Euskarazko antzerki sorkuntza garaikidea sustatzeko bidean, beste urrats bat, beraz.
Argumentua, honakoxe hau: Hodei hil da. Gaztaroko lagunak, urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, Hodeiren hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa. Noizbait izatea amestu eta sekula izan ez zirenaren errautsak baino ez dira geratzen, ordea.
Urtebetez Euskal Herri osoko antzokiak bete dituzte, eta hainbat sari eskuratu: tartean, ikusleen Txalo Saria Azpeitian eta baita Donostia Saria ere.
Ez galdu, beraz, gaztaroko amets zapuztuez eta belaunaldi oso baten errautsez hausnarketa bikaina egiten duen obra hau ikusteko aukera.