Herriko musulmanek otoitzerako eta bilkuretarako lokala instalatu ahalko dute Bañuetaibar kaleko 6. zenbakian dagoen lonjan, Udalak dagokion lizentzia ematea onartu du-eta.
Udalak lizentzia-akordioa jakinarazten dienetik, hilabeteko epea izango dute obrei hasiera emateko eta, ondoren, hiru hilabeteren barruan amaitu beharko dituzte lonja txukuntzeko lanak. Lokalak, gehienez, 28 lagunentzako tokia izango du.
Udal-akordioan jasotakoaren arabera, instalazioa behar bezala intsonorizatu beharko da, eta legeak zarata-mailari buruz dioena bete beharko du, bizilagunei trabarik ez sortzeko. Halaber, ezingo da megafoniarik edo antzekorik erabili. Bestalde, lokalera gerturatzen direnek ezingo dute kalean ozenegi hitz egin. Ildo horretan, lokalak legezko zarata-mugak gainditzen dituela frogatzen bada, jarduera sailkatu gisa jotzeko aukera aztertu ahalko da. Jarduera sailkatuak dira, esaterako, tabernak, jatetxeak edo diskotekak, eta irekiera-lizentzia berezia eskatzen dute.