Elexazarren, San Rokeko ermitatik gora, pinudi artean, erromatarren garaiko aztarnategia dago. Orain bi urte hasi ziren indusketa-lanekin, eta hurrengo urteari begira, proiektua sendotu eta egituratzeko asmoa du hango arduradun Juanjo Hidalgok, hedabideetara bidalitako txostenean adierazitakoaren arabera.
Duela bi urte pasatxo Larrinbeko bizilagun Andoni Aldama Murgak harri-hondar batzuk aurkitu zituen Elexazarreko muinoan (550 m). Hasiera batean, tumuluaren itxura eta tokiaren toponimia (eliza zaharra) kontuan hartuta, antzinako eliza bateko aztarnak zirela pentsatu zuen. Gainera, Amurrioko ahozko tradizioaren arabera, han eliza bat egon omen zen. Aitzitik, 2009an hasitako indusketa arkeologikoek erakutsi dute aztarna horiek ez direla eliza batenak, eta han erromatar garaiko asentamendu bat egon zela frogatu da. Zehazki, Kristo ondorengo I. mendearen eta II. mendearen amaieraren artekoak dira aztarnok.
Esan bezala, 2009an hasi ziren Elexazarren esku hartzen. Hasteko, sastrakak kendu behar izan zituzten, ikerketa-lanari ekin ahal izateko. Fase horretan agerian geratu ziren hormen aztarnek antz handia zuten Aloriako ustiategian (Arrastaria) aurkitutakoekin. Susmoa egiaztatuta geratu dela, eta bi asentamenduak garai berekoak direla frogatu dela adierazi du Aunia kultur elkarteko kide eta Elexazarreko proiektuko zuzendari Juanjo Hidalgok. Hain zuzen, Hidalgok eraman zuen aurrera aipatutako lehenengo esku-hartzea, bere kabuz eta modu erabat boluntarioan. Iaz, Amurrioko Udalak ikerketa arkeologikoko lanak esleitu zizkion, eta horretan jardun izan da orain arte, Gasteizko Arkeologia Museoko boluntarioek lagunduta. Ingurua hesitu, elorriak, iratzeak eta otaloreak kendu, eta hondeamakina txiki bat kontratatu zuten, etorkizuneko indusketak oztopa ditzaketen harriak beste toki batean pilatzeko.
Oraindik ez dakite zer zegoen Elexazarren edo zertarako erabiltzen zen. Dena den, industriari lotutako asentamendua izan daitekeela uste dute, eta bertan burdina eta beruna ekoizten zituztela. Izan ere, burdinazko elementu ugari, lanabesak eta iltzeak aurkitu dituzte. Aitzitik, funtzio hori hipotesia baino ez dela azaldu du Hidalgok, oraindik ez baitute aurkitu ez labearen arrastorik ez eta mota horretako lanek sorrarazten duten hondakinik.
Bestalde, zezen baten burua irudikatzen duen aldare moduko bat aurkitu dute. Sinesmenari lotutako elementua da, sinbolo sakratua. Ziurrenik haren aurrean otoitz egiteko erabiliko zuten edo babesa eskatuko zioten, Elexazarren aurrera eramaten zituzten lan guztiak behar bezala gauza zitezen lortzeko.
Hurrengo urteari begira, Elexazarreko proiektua gorpuztea eta finkatzea nahi du Hidalgok, dagokion aitorpena lor dezan erromatar garaiko aztarnategien artean bai Araban, bai Euskal Herri osoan bai Iberiar Penintsulako iparraldean. Halaber, Alorian aurkitutako aztarnategiarekin izan dezakeen lotura aztertzen jarraitu nahi dute.