Udazken honetan askotariko ikuskizunak Amurrio Antzokian

Amurrio Antzokiak adin guztietarako programazioa prestatu du udazkeneko denboraldirako. Herritarrek dantza-, musika- eta antzerki-ikuskizunez gozatu ahalko dute. Halaber, asteburu eta astelehenetako zinema-emanaldiei eutsiko zaie.

Amurrio Antzokiak adin guztietarako programazioa prestatu du udazkeneko denboraldirako. Herritarrek dantza-, musika- eta antzerki-ikuskizunez gozatu ahalko dute. Halaber, asteburu eta astelehenetako zinema-emanaldiei eutsiko zaie.

Antzerkiari dagokionez, urriaren 21ean (ostirala), eguerdiko 12etan, Pikor teatro konpainiak Sarebegian euskarazko obra eskainiko die 12 eta  18 urte bitarteko ikasleei. Gazteek pantailekin daukaten harreman biziaren inguruko eztabaida ireki nahi du antzezlanak. Biharamunean, urriaren 22an, 20:00etan, Sin balas umorezko antzerki-ikuskizuna izango dugu, gaztelaniaz, Las grotesques konpainiaren eskutik. Western generoaren irakurketa zoroa egingo dute. Bestalde, urriaren 23an (igandea), 17:30ean, Arratoitxo pinpirina musikala eskainiko du Glu-glu ekoizpen-etxe entzutetsuak. Hiru eta bederatzi urte bitarteko haurrentzako ikuskizuna da, euskaraz.

Azaroan ere ez dira antzerki-emanaldiak faltako. Azaroaren 19an (larunbata), 20:00etan, Amor y desamor antzezlana eskainiko digu Torpedo Level konpainia amateurrak. Azkenik, igande horretan, azaroak 20, Errautsak ikuskizuna antzeztuko dute euskaraz Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain konpainiek, 19:30ean. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi dute obra.

 Dantzari dagokionez, azaroaren 5ean da hitzordua. Organik konpainiak Maniatic@s deritzon ikuskizuna emango du 20:00etan.

 Musikari helduz, berriz, bi kontzertu izango dira. Batetik, Macastre herriko (Valentzia) Santa Zezilia bandak joko du abenduaren 4ean (igandea), 19:00etan. Bigarrenik, New Orleans hiriko Joyful Gospel Singers taldeak gospel-kontzertua emango du abenduaren 11n, 19:00etan. Dena den, emanaldi hau konfirmatu gabe dagoela esan digute antolatzaileek.

 Zinemari dagokionez, gure agendan kontsultatu dezakezuen asteroko programazioaz gain, Indarkeria Matxistaren Aurkako Zine Emanaldia antolatu dute Mugarik Gabe erakundeak eta Udaleko Berdintasun Arloak azaroaren 27 eta 28rako. Hala, bada, ZureVision Nazioarteko IV. Lehiaketara aurkeztutako spotak ikusi ahal izango ditugu Amurrion.

Gogoratu, bide batez, txarteldegia dagokion ikuskizuna hasi baino 45 minutu lehenago irekitzen dela. Dena den, sarrerak aldez aurretik ere eros daitezke, Amurrioko Kultur Etxean (telefono-zenbakia: 945 891 450).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide