Udalak 2005an sortu zuen doako ekimen hori, autoa partekatu nahi duten herritarrak harremanetan jartzeko. Interesa duen orok http://amurrio.compartir.org/ webgunean eman behar du izena. Zerbitzuaren bidez, bada, antzeko bidaia egiteko izena eman duten pertsonak ikusten dira. Posta elektronikoaren bidez jarri ahal da haiekin harremanetan. Haien lehentasunak zein diren, autorik baduten ala ez, bidaiaren arrazoia zein den eta beste hainbat datu ikusi ahal dira, bidaideak errazago topatu ahal izateko. Mezu elektroniko bat utzi ahal zaie gure ustez bidaia bera partekatzeko egokiak diren pertsonei. Guztia berehala eta bitartekaririk gabe.
Ekimenaren helburua ibilgailu pribatuen energia-kontsumoa eta kutsadura gutxitzea da; aldi berean, erabiltzaileek autoaren gastuak partekatzen dituzte, eta, beraz, dirua aurrezten da.
Sortu zenetik, guztira, 463 lagun erregistratu dira; 2011n zehar, berriz, 11. Batez beste, 268 bidaia egiten dira hilean; iaz, esaterako, 2.103 desplazamendu egin ziren sistema hau baliatuta.
Gehienbat, lanera joateko partekatzen dute autoa herritarrek. Dena den, bada ikasketei, aisialdiari eta oporrei lotutako arrazoiak direla medio izena ematen duen lagunik ere.
Jomuga nagusiak Gasteiz, Bilbo, Trapaga eta Eibar dira. Amurriora, aldiz, Gasteiztik, Bilbotik, Zamudiotik edo Deriotik etortzen da jendea. Halaber, erabiltzaile batzuek udalerrian bertan mugitzeko baliatzen dute zerbitzua, esate baterako, egunero Tubos Reunidos enpresara elkarrekin joateko.
Bestalde, mugikortasun jasangarria bultzatzeko kanpainaren barruan, aparkalekua partekatzeko zerbitzua abiarazi berri du Udalak. Aparkaleku plaza erabilgarri duten pertsonei eta egun osoan (gau osoan, ala egunez edota egunez une batzuetan) libre uzten dutenei udalerritik kanpo lanera joateko edota ikastera joateko, Amurriora lanera edo ikastera etortzen den norbaitekin trukatzeko (alokatu ala saldu) aukera eman nahi zaie. Zerbitzu honetan interesa dutenek helbide honetan aurkituko dituzte argibide gehiago: http://amurrio.compartirparquing.org/.