Azkenean, bai, azkenean irakurri dut azken urteetan hauts asko harrotu duen nobela, eta, egiari zor, ez nau asebete. Euskal literatura modernizatu eta globalizatu omen duen liburua, kobazulotik atera eta munduratu gaituen maisulana. Sentsazioa dut horrelaxe saldu nahi izan digutela eleberria Espainiako hedabideek. Eta asko tranpan erori dira, eta normalean euskaraz ezer gutxi irakurtzen dutenek Uriberen obra hau irakurri dute. Tira, irakurleren bat euskal literaturara hurbiltzeko balio izan badu eta gure literaturarekiko interesa piztu badio, gaitz erdi.
Esango nuke propaganda mediatikoaren zurrunbiloak bete-betean harrapatu duela Kirmen Uribe. Zalantzarik gabe, euskal idazlerik mediatikoena bilakatu da “Bilbao-New York-Bilbao” honi esker 2008an Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso zuenetik eta Patxi Lopezek haren poema bat irakurri zuenetik lehendakari kargua zin egin zuenean. Aurretik, poema-liburu eder-ederra argitaratua zuen, “Bitartean heldu eskutik”, eta hamaika zutabe eta kolaborazio idatziak zituen euskarazko hedabideetan. Hauxe da, ordea, haren lehendabiziko nobela.
Obra, printzipioz, autofikziozko liburu bat da. Hau da, egilearen izen bereko pertsonaia batek hitz egiten digu, eta Kirmen Uribe delako batek 2008.urtearen amaiera aldera Bilbotik New Yorkera egiten duen hegazkin bidaia kontatzen zaigu. Tartean, ordea, bere familiako hiru belaunaldiren istorioen berri ematen digu eta, aldi berean, liburua bera idazteko prozesua azaltzen digu. Hortaz, liburuak hiru plano ditu: narratzailearen beraren hegazkin bidaia, Ondarroako familiari buruzko hamaika kontu eta bitxikeria (idatzi asmo zuen nobelarako bildu omen zituenak), eta nobela hori idazteak ekarri zizkion buruhausteak. Egiturak konplikatua badirudi ere, erraz irakurtzen da, erraz barneratzen da edukia, errazegi aukeran.
Ukaezina da aipatzen dituen pasadizoetako batzuk eder-ederrak direla. Hona adibide bat:
“Igandean iritsi nintzen Ondarroara. Lasaitu egiten nau herrian egoteak. Nobelaren egitasmoari eutsi nahian nabil baina ezin. Arratsaldean, lerro bakar batzuk lotzen ari nintzela txori bat sartu zait gelara. Horren hauskorra zen, bira eta bira hormetan talka eginez. Leihoa zabaldu dut eta atera egin da. Iruditzen zait, ni neu ere txori hura bezain nahasi nabilela, orientazioa galduta.
Gaur eguerdian gerrako pasarte bat kontatu didate. Ba omen zegoen Errepublika garaian sozialista bat herrian, Meabe esaten ziotena. Gizona txorien oso zalea zen eta txori kantariak hezten zituen. Hainbat eta hainbat txori kantari zituen.
Behin, gerra garaian, bonba batek etxea hondatu zuen eta txori guztiak hegan atera ziren. Ordurako Meabe alde egina zen herritik. Zerbait magikoa izan omen zen, leherketa gogor baten ondoren ehunka txori kantari kalean libre. Gertaera latz baten ondotik, beldurraren ondotik, suntsiduraren ondotik, une batean alaitasuna jabetu zen kale haietaz."
Halaber, nabarmentzekoa da, nire ustez, galzorian dagoen mundu bati, arrantza munduari, egiten dion gorazarrea. Liburuaren hasiera eta amaiera ere zinez iradokitzaileak dira. Kontua da, azkenean, pasadizo-sortaren tankera hartu diodala nobelari. Hau da, Uribek ez du asmatu anekdota horiek ehuntzen. Osotasuna falta zaio, mamia.
Beraz, gehiegi gustatu ez zaidanez, ez dakit zilegi ote den kultur leiho honetara ekartzea lan hau, printzipioz gomendioak egiteko baita gure txokoa. Dena den, irakur ezazue, agian gustatuko zaizue-eta.