Bi urtez bertan behera egon ostean, Artzain Eguna ospatuko da berriro Amurrion igande honetan, hilak 18. Egunaren xedea artzaintza eta ardi latxa ezagutaraztea da, eta aurtengoa XVIII. edizioa izango da.
Ekitaldi nagusiak iganderako antolatu badira ere, gaur bertan Gorobel mendilerroko artzaintzari buruzko hitzaldia emango du Salvagoro elkarteak Amurrioko Antzokian, 19:00etan.
Igandeko egitarauari dagokionez, goiz osoan zehar, 10:00etatik 14:30era, Latxa Arrazako Ardien XVIII. Herrialde Arteko Lehiaketan eta Idiazabal Jatorrizko Deiturako V. Artzain Gazta Lehiaketan (Ruperto Casanuevaren Oroimenezko Saria) parte hartzen dutenen abereak eta produktuak ikusi ahalko ditugu. Halaber, 11:00etan hasi eta 13:30era bitartean, gaztagintza erakustaldia egingo da Juan Urrutia plazan eta ile-mozte erakustaldiak, berriz, Etxeguren plazan.
Bestalde, 11:30ean harrera egingo zaie Juan Urrutia plazan aurtengo edizioan omenduko dituzten artzainei. Hain zuzen, lau izango dira aurtengo omenduak: Pepin Elejalde (Lendoñobeitikoa), Francisco Arbaizagoitia (Urduñakoa), Clara Eugenia Vea Elejalde (Lendoñogoitikoa) eta Crispin Arregi (Durangaldeko Garai herrikoa).
Halaber, Larrinaga kalean, latxa arrazako ardikia dastatzeko aukera egongo da, 12:30etik 14:00etara. Pintxoa 2 eurotan salduko da. Gero, 15:00etan, herri-bazkaria izango da San Anton plazan. Gogoratu bazkarirako txartelak 16 eurotan eros daitezkeela Amurrioko Udaletxean eta Turismo Bulegoan.
Egunari agur esateko, ohi bezala, artzain-txakur lehiaketa egingo da udal-igerilekuen ondoan, Pikazako zelai aurrean. Justo Furundarenaren Oroimenezko Sariaren XIV. Saria jokatuko da aurten.
Hitzordu garrantzitsu honi buruzko xehetasun gehiago aurkituko dituzue ondoan erantsitako dokumentuan.