Udazken honetan, Aiaraldeko adingabe eta nerabeen amei zuzendutako ekimena antolatu du Menagaraiko Emakume Taldeak. Ekimenaren helburua da, batetik, seme-alabak dituzten ama gazteak elkartera hurbil daitezen bultzatzea, hezitzaile gisa duten zereginaren gainean hausnartzeko, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko informazioa ematea.
Sentsibilizazio-kanpaina aurrera eramateko, bada, 4 kafe-tertulia antolatu dituzte, dohainik. Tertulia horiek San Pedroko lokaletan izango dira, Menagarai herrian bertan. 17:30ean hasiko dira, eta 2 ordu inguru iraungo dute.
Interesa duten emakume guztiei parte hartzeko aukera eman nahi diete, eta horregatik, tertuliek iraun bitartean, doako haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko dute.
Hona hemen, zehatz-mehatz, egun bakoitzean jorratuko dituzten gaiak:
Irailak 10 |
“Educar en igualdad – Los estereotipos, los juegos, los roles” |
Irailak 17 |
“Socializar en igualdad – El papel de la pareja, de la familia, de la comunidad…” |
Irailak 24 |
“Madres vs. Mujeres – educarnos para educar” |
Urriak 1 |
“Espacios de encuentro y de crecimiento para madres” – la soledad, la capacitación, los grupos y asociaciones de mujeres” |
Esan bezala, proiektu hau, printzipioz, amei zuzenduta dago, baina edozeinek parte hartu dezake, gazte zein zahar, emakume zein gizon.
Argibide gehiago nahi izanez gero, jarri zaitezte harremanetan Menagaraiko Emakume Taldeko lehendakariarekin, telefono honetara deituz: 635 714 578
Iaz taldearen sorreraren 25. urteurrena ospatu zuten. Ekainean araialdea.com-ek elkarrizketa egin zion taldeko lehendakari Ana Ugarteri. Hark adierazitakoaren arabera, hasierako asmoa emakumeak etxetik, baserritik, irtenaraztea zen, aisialdirako-aukerak eskaintzea eta elkargune bat sortzea. Lan handia egiten dute landa-ingurunean bizi diren emakumeen alde, eta hamaika hitzaldi, ikastaro, zinema-saio eta txango antolazen dituzte urtean zehar. Besteak beste, Emakumearen Astea antolatzen dute urtero